Binakako pilota txapelketako lau jardunaldi Zornotzan jokatuko dira

Joseba Derteano 2022ko aza. 10a, 14:05
Aimar Morgaetxebarria, Unai Laso, Aitor Elordi eta Joseba Ezkurdia gaur, Zornotzako aurkezpenean.

Abendutik martxora, hileko lehenengo barikuetan izango dira.

Zornotzako pilotalekuak esku pilota profesionaleko lau jaialdi hartuko ditu abenduan hasi eta martxora bitartean. Lau jaialdietan lehenengo mailako binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte.

Jaialdiak hileko lehenengo barikuetan izango dira: abenduaren 2an, urtarrilaren 6an, otsailaren 3an eta martxoaren 3an, 22:00etan. Musikaz girotuta egongo dira eta Baikoko zein Aspeko kirol materiala zozketatuko dute.

Abonuak eta sarrerak

Abonuak edo sarrerak entradasfronton web orrialdean eskuratu daitezke jadanik. Zornotzan ere erosi ahal izango dira Urtza Tabernan, Venecia Kafetegian, edo telefono zenbaki hauetara deituz: 685 78 93 65 (Markel) eta 652 77 68 62 (Karmelo). Horrez gainera, abenduaren 1ean, osteguna, txarteldegia zabalik egongo da Zelaieta frontoian, 19:00-21:00 artean.

Jaialdi bakoitzerako sarrerak 25 euro dira; gazte txartelarekin, 20 euro. Lau jaialdietarako abonu normala, berriz, 90 euro da; Zornotzako kirol klub guztietako federatuentzat, 60 euro.

Gaur jaialdiak aurkezteko Zornotzan emandako prentsaurrekoan Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitiak, Baiko Pilotako arduradun komertzial Unai Iglesiasek, a Aspe Pelotako arduradun komertzial Inaxio Errandoneak hartu dute parte. Unai Laso, Joseba Ezkurdia, Aimar Morgaetxebarria eta Aitor Elordi pilotariak ere izan dira Zelaieta Zentroko aurkezpenean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!