Ane Elordi Alburquerque zornotzarra da Korrikaren zuzendari berria

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 2a, 12:15

"Horrelako egitasmo baten gidari izatea erronka itzela" dela adierazi du zornotzarrak. Korrikari "freskotasuna" eskaini diezaiokeela adierazi du. 

AEKren Aizu! aldizkariak sare sozialetan publiko egin duenez, gure eskualdeko kide bat, Ane Elordi Alburquerque zornotzarra, izango da aurrerantzean Korrikaren zuzendari berria. Elordik Asier Amondo arabarraren lekukoa hartuko du aurrerantzean. "Korrika zerbait izugarri handia da. Euskal Herri osoan egiten den egitasmorik erraldoienetakoa da. Estatu mugak barik, euskararen mugak baino ez dituena. Horrelako egitasmo baten gidari izatea erronka itzela da" adierazi dio Elordik ANBOTOri. "Zelako ekarpena egin gurako nukeen? Korrika barrutik bizi izan dut, furgonetan, komunikazio taldean. Gaztea sentitzen naiz eta freskotasuna eskaini dezakedala uste dut", gaineratu du. Maila pertsonalean, urduritasun pixka bat baduela aitortu du. "Uste dut txartoen eramango dudana irudi publiko bihurtze hori izango dela, baina hori ere egingo dugu! esan du.  

Elordi ez da izen berria ANBOTOn. Joan zen Korrikan hainbat kolaborazio egin zituen podcastekin, Korrikaren etapa bakoitzeko xehetasunak egun eta gau gurekin partekatuta. Bestalde, Elordi bera eta eskualdeko AEK-koak diren hainbat kide elkarrizketatu genituen Korrika hasteko zorian zegoela. Hurrengoa, 2024koa, Korrikaren 23. edizioa izango da. Oraindik asko falta da lasterketa erraldoiak Euskal Herri osoa gau eta egun zeharkatzeko, baina AEK buru-belarri dabil lanean irailetik. 2024ko Korrika Gipuzkoako herriren batean hasiko da eta Baionan bukatuko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!