“Korrika ametsetako Euskal Herria bizitzea da, 11 egunean Euskal Herri euskalduna bizitzea”

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 27a, 08:30
Joana Txarterina, Ane Elordi eta Joseba Irazabal

Jende mordoa furgoneta baten atzetik, gelditu barik, musika eta animoak lagun. Labur-labur deskribatuta, horixe da Korrika, edo Korrikaren alderik begi bistakoena behintzat. Baina horrek ez du esan gura kontua hain sinplea denik, inondik ere ez. Lasterketa erraldoiaren atzean egundoko lan karga dago eta bertan inplikaturiko kide bakoitzak ardura espezifikoak ditu. Joana Txarterina Goikuriak (Zornotza, 1981), Joseba Irazabal Barrenetxeak (Otxandio, 1961) eta Ane Elordi Alburquerquek (Zornotza, 1991) ondotxo dakite hori. Lehenengo biak Korrikako furgoneten lan taldean arituko dira, eta hirugarrena prentsa taldean. Era batera zein bestera, eurak izango dira arduradunak Korrika dagokion lekura eta dagokion orduan heldu dadin. Eurak izango dira Korrikaren taupadak markatuko dituztenak.

22. Korrika ate joka dago. Zelan zaudete?
Joseba Irazabal:
Korrikako edizioen artean urte bi pasatzen dira eta denbora tarte hori luze egiten zaigu. Edizio bat amaituta, lasterrera etortzen zaigu hurrengorako grina. Bada, pentsa zelan gauden, aurtengo Korrika hiru urteren ondoren datorrela kontuan hartuta. Gogo handia dut Korrikarako. Iaztik hona egunak zenbatzen ibili naiz. 
Ane Elordi: Oso gogotsu nago Korrikarako. Korrikak zelako prestaketa lana eskatzen duen igarri dut aurten.  
Joana Txarterina: Ni bereziki hunkituta nago aurten. Betidanik egin gura izan dudan zerbait egingo dut aurten. Beti izan dut furgonetako lan taldean joateko gogoa eta aurten egin ahalko dut hori, eta oso pozik nago. Egia esan, hiru urte hauek luzeak egin zaizkit.    
J.I.: Gu hirurok AEKren egiturako kideak gara, baina badago kanpotik boluntario lana egitera datorren jendea ere. Eta  badaude lanean oporrak hartu eta egun horiek Korrikako furgoneta lan taldean egoteko baliatzen dituzten kideak ere.

Joseba, zu furgoneta ekipoetariko baten burua izango zara. Urte ugari egin duzu furgonetako lan taldean lanean. 
J.I.:
Aurtengoa hamahirugarren edizioa izango dut furgonetako lan taldean. Nire lehenengo edizioa 10. Korrika izan zen. Harrezkero ez dut hutsik egin. Ezin erretiratuta nabil (barrez).

Joana, zuretzat, ostera, lehenengo edizioa izango da furgonetako lan taldean. 
J.T.:
Bai, niretzat lehenengo urtea izango da furgonetan. Orain arte beste lan batzuk egin izan ditut. Azken finean, AEKn gauden denak inplikatzen gara, arlo batean ez bada, bestean. Lehen ez nintzen entrenatzen Korrikarako, baina orain bai. Korrika egitera irteten dut. Entrenatzera, gero ez itotzeko!

Eta, Ane. Zu, aurten, furgonetako lan taldean egotetik prentsa taldera pasatu zara.
A.E.:
Bai, eta ikuspegia aberasgarria dela uste dut. Barrutik bizi izan dut furgonetako esperientzia, eta orain prentsa furgonetara zelan egokitu daitekeen lantzea dagokit. Elkarlana beharrezkoa da. Ze, askotan, prentsako kazetariak hor dabiltza “irudi hau furgonetatik aterako dut” edo “beste hau hemendik hartuko dut” pentsatzen. Baina lasterketa aurrera ateratzen dutenak furgonetako kideak dira, furgonetako lan talderik barik ez dagoelako Korrikarik. Eurak dira oinarrizkoenak. Jendeari hori ulertarazten ahaleginduko gara aurten. 

Hau da, furgonetako lan taldeak hartzen duela Korrika aurrera ateratzeko lana.
J.I.:
Lan mordoa dago, baina lana gustura egiten denean beti egiten da errazago. Jendeak hain pozik ikusten gaituenez, oporretan gaudela pentsatzen dute. Baina lanean gabiltza, eta dena ematen dugu.
A.E.: Lana da, baina, aldi berean, ohorea da. Edonork ezin du esan Korrikan furgonetan joan denik Euskal Herri osotik zehar.
J.T.: Bai, ohorea da. Euskal Herri osoan oso ezaguna den lasterketa da. Eta ez hori bakarrik. Korrika AEKren ikur ere bada. Hori barrutik bizitzea itzela da. Edonork ezin du halakorik esan.
A.E: Bai. Ametsetako Euskal Herria bizitzearen parekoa da. Hamaika egunean, Euskal Herri euskaldun bat bizi duzu. Hamaika egunean denok gara euskaldun. 

Zelakoa da furgonetan zoaztenen egunerokoa?
J.I.:
Furgonetako lan taldean ekipo bi daude, erreleboka lan egiten duten talde bi. Talde bakoitzak hamalau orduko txandak egiten ditu. Beraz, horrek esan gura du eguna eta gaua tartekatuz joaten garela. Gure lana zein den? Berbekin azaltzea erraza da. Guk egin behar duguna da Korrika behar duen lekura, behar duen unean eta behar duen itxuragaz helaraztea. Eta, horretarako, furgonetako taldeko kide bakoitzak bere funtzioa du. Taldeko batzuek denbora zaintzen dute, beste batzuk Korrikaren irudia zaintzeaz arduratzen dira, eta beste batzuk animatzeaz. Eta, horretaz gainera, badira beste batzuk dena martxan dagoela ziurtatzeaz arduratzen direnak. Konponketaren bat egiten dute, edo furgonetara janaria ekartzeaz arduratzen dira. Gero, prentsa taldea dago. Oso talde garrantzitsua da Korrikaren irudia behar den moduan hedabide guztietara ailegatzeko. 

Lan horietan zabiltzatenean, zein emozio nagusitzen da zuengan?
A.E.:
Unearen araberakoa da hori; lekukoa daramanaren araberakoa edo lekukoa igarotzen den toki geografikoaren araberakoa. Hiriburuak, esaterako, oso estresagarriak dira. Eta kontrakoa, Nafarroako herri txikietatik igarotzen zarenean, euskaldun gutxi dagoen eremu batetik pasatzen zarenean, gehiago hunkitzen zara. Kontatzeagaz batera hunkitu egiten naiz. Azaltzeko ezinezkoa den korapiloa sortzen da barruan.
J.I.: Tentsio uneak ere badaude. Hiriburuak oso exigenteak dira. Oso adi egon behar duzu. Eremu konplexuak dira kudeatzeko. Gero, badira tentsioa sortzen duten beste kontu batzuk ere. Matxurak, adibidez. Musika ekipoa matxuratzea, esate baterako. Baina, zorionez, geroago eta gutxiago gertatzen da. Orokorrean, emozioa bizi dugu. Eta oso gatxa da negarrari eustea.

Joana, furgonetan zure lehenengo urtea dela eta, hunkitzeko prest?
J.T.:
Bai! Pentsa, furgonetako taldean joango nintzela esan zidatenean negarrez hasi nintzen. Oso une pozgarriak biziko dituzula jakitea oso hunkigarria da. Ederra da negar egitea gauza on bategaitik bada.

Zer du Korrikak gu hainbeste hunkitzeko?
J.T.: Esango nuke Anek lehen esandako horretan dagoela gakoa. Korrikak irauten duen hamaika egunetan Euskal Herria guztiz euskalduna da.
J.I.: Benetan gatx da arrazoia azaltzen. Badut Barazarren ikusitako irudi bat gogoan. Gauerdia, euria zarra-zarra, hotza... Eta han berrogei lagun, saltoka Korrikaren zain. Zergaitik egiten dugu hori? Zertarako busti, hotza pasatu, mendate baten erdian galduta egon? Gero korrika apur bat egiteko? Zein indar dago horren atzean? 
A.E.: Izan daiteke Korrika Euskal Herri guztia batzen duen egitasmo bakarrenetariko bat delako. Euskal Herri barruan denok sentitzen dugu Korrika geure, hango zein hemengo izan, iritzi politiko bat zein beste bat izan. 
J.I.: Uhinak dokumentaleko elkarrizketatu batek dioenez, Korrikak irauten duen edozein ordutan, edozein lekutan, badakizu baten batek euskararen aldeko lekukoa daramala. Guri ere gertatu zaizkigu azaldu ezinak diren kontuak. Gogoan dut furgonetako txanda bat Tafallan (Nafarroa) amaitu genuela. Afaltzera joan ginen. Eta, halako batean, afaltzen geundela, Korrika Tafallan sartzen zebilela entzun genuen. Afaltzeari utzi eta Korrikari harrera egitera irten genuen, txaloka. Zergaitik egin genuen hori, hortxe egon baginen zeozertxo lehenago? Korrika lehenengoz ikusi izan bagenu lez jokatu genuen.

Gure eskualdera etorrita, Korrika Otxandiotik ez, baina Zornotzatik pasatuko da. Zer ikusi gura zenukete zuen eskualdean?
J.I.: Otxandiarrek Landa eta Legutio arteko bidean egingo dute korrika.
J.T.: Korrika gu lanean gabiltzan txandan sartuko da Zornotzan.
A.E.: Korrikan dauden zornotzar guztiek urte osoan zehar euskaraz egitea gura nuke. Korrikak Zornotzan hartzen duen dimentsioa handia da. Non dago komunitate euskaldun hori urte osoan zehar? Goizaldean sartuko da Korrika Zornotzara. Seguru nago harrera bikaina izango duena.

Badago gehitu gura zenuketen ezer?
A.E.:
Korrika erraldoia dela esan gura nuke, baina herritar guztien laguntza txikiari eskerrak egiten dela. Badugu hor Korrika Laguntzailearen kanpaina. Herritarrak laguntzaile egitera gonbidatu gura ditugu. Korrikaren web orrira sartu daitezke ekarpen ekonomikoak egiteko. Esku artean dugun erronka 11.000 Korrika Laguntzaile izatera ailegatzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!