"Ibilbidean zehar sortzen diren une bereziak kontatzen ahaleginduko naiz"

Aitziber Basauri 2022ko api. 1a, 12:00

Jendetza handiaren babesagaz ekin zion Korrikak bere ibilbideari, atzo, Amurriotik. Bart zeharkatu du Durangaldea, eta Gasteizera bidea hartu du. Ane Elordi zornotzarrak Korrikako prentsaren lantaldean biziko du lasterketa oraingoan. Igorreko euskaltegian irakaslea da eta furgoneten lantaldean ibilitakoa ere bada.

Euskal Herria zeharkatuko duen 22. Korrikaren furgonetara igoko zara. Oraingoan, prentsa lantaldeko kide lez. Zelan hartu duzu erronka?
Ardura handiagaz. Korrikako furgonetetako 14 orduko txanda zoro horiek egin gura ditut, baina aurtengo hau beste esperientzia berri bat izango da. Orokorrean, hedabide guztiak koordinatzea izango da gure lana, eta sare sozialak eta webgunea elikatzea. Korrika munduari ahalik eta ondoen erakustea, horixe da gure lana. Alde horretatik, ardura handia da. Lantaldean 11 lagun gara eta Korrikako furgonetan gora eta behera ibiliko gara. Lasterketan, 19:00etan amaituko da gure eguna, euskaltegi batera lanera joateko. Lekukoa hartu aurretik atera daitekeen irudi hori gura dute hedabide guztiek sareak elikatzeko, eta, horretarako, kilometro askotan egongo gara gu. Baita irrati konexioak lotzeko ere. 

Asko gara Korrikaren irudi berezi hori lortu gura dugun komunikabideak.
Bai, eta orain arteko moduan jarraitzea ezinezkoa zen. Kameralari eta argazkilari guztiek gura dute Korrikako furgonetara igo, eta furgonetak dituen neurriak ditu. Oraingoan, Hamaika telebistak lasterketa osoa grabatuko du eta zuzeneko seinalea emateko aukera izango du. Gainera, furgonetako talde bakoitzean argazkilari bat joatea bermatuko da, lekuko eramale guztien argazkia izateko. Hedabide guztiei eskainiko zaizkie zuzeneko seinalea, bideoak eta argazkiak. EITBk ere zuzenean eskainiko du lasterketa. Apustu handia egin dugu sare sozialak elikatzeko.

ANBOTOren irakurleentzat eguneroko jarraipena egingo duzu podcast bidez. Zer kontatuko diguzu kronika horietan?
Amurrioko lehenengo kilometroak bereziak izan dira guretzat, bertako AEK-ko irakasleek eraman dutelako lekukoa, eta lasterketak Durangaldean igaro du lehenengo gaua; gauak bereziak dira eta euren xarma dute, nahiz eta jende gutxik parte hartuko duela pentsa daitekeen. Lagun asko 03:00 aldera jaikiko da korrika egiteko, eta hori jakiteak irauli egiten dit barrua. Une horiek eta ibilbidean zehar sortzen diren une bereziak kontatzen ahaleginduko naiz.

Korrika lehenengo lerrotik ikusteko aukera ohore bat ere bada. Zein emozio sortzen dizu?
Ohorea da, bai. Asko betetzen nau eta askotan hunkitu naiz. Lehenengo lerro horretatik dena ikusten da. Korrikako furgoneta gidatzean, aurrean zain dagoen jendearen irribarrea, horixe da Korrikaren irudirik onena. Ezgaitasun bat zuen ume bat dut gogoan, zaratagaz oso urduri ipintzen zena, eta furgonetako kide bati musika kentzea bururatu zitzaiola dut akorduan. Korrika isildu egin zen eta umeak oso pozik egin zuen lasterketa. Horrelakoak bizitzea ederra da. Umearen ama eskerrak ematera etorri zitzaigun biharamunean.

Korrikak une eder asko eman dizu?
Asko! Gogoan dut Ibañetan elurra hasi zenekoa ere. Urte hartan lasterketak igaro behar zuen punturik altuena zen. Gauez izan zen, elurretan. Xanpaina, jaia, jendea... Norberaren herritik pasatzen denean ere berezia da, eta Bilboko Autonomia kalea jendez beterik ikustea ere itzela.

Eman gura zenukeen Korrikaren irudi edo titular bat.
Apirilaren 11n ere Korrikaren xarmak jarraitu egiten duela, euskara denon ahotan dagoela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!