Matrailu gaztetxeko kideen kontrako epaiketa hasi dute

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 22a, 20:00

Gaztetxeko kideen berbetan lau dira auzipeturiko gazteak: hiru zornotzar eta durangar bat. "Okupazio delitua" egotzi diete.

Zornotzako Matrailu gaztetxeko kideek adierazi dutenez, atzo eskualdeko lau gazteren kontrako epaiketa hasi zuten Durangoko epaitegian. Auziperatutako hiru gazte zornotzarrak dira eta laugarrena durangarra. Gaztetxeko kideen berbetan "okupazio delitua" egotzi diete laurei. Epaiketa atzo hasi zen, baina Matrailuko kideek diote epaileak saioa "atzeratu" zuela, "frogak aurkeztera deitutako udaltzaingoa ez zelako agertu".

Gaztetxeko kideek halantxik azaldu dute gertaturikoa: "Epaiketa oinarritzen duen froga bakarra Zornotzako udaltzaingoaren atestatu bat da, baina epaiketara ez zen udaltzaingoko inor lekukotasuna ematera agertu. Hori dela eta, epaileak saioa atzeratzea erabaki zuen. Eraikinaren jabea bai, agertu zen epaiketara", azaldu dute. Horrez gainera, gazteek kritikatu dute "Zornotzako udaltzaingoak eraikinaren jabea ohartarazi" zuela gazteak okupazioa egiten ari zirela abisatuz. Zornotzako gazte asanbladak Ogena auzoko fabrika bat okupatu zuen iazko urrian, Perforación S.A. enpresa izandako eraikina. Okupazioaren osteko egunetan azaldu zutenez, eraikina "hutsik" zegoen "2009tik". 

Isuna Munarrikoentzat

Bestalde, Matrailuko gazteek dirua batzeko elkartasun kanpaina hasi dute. Munarri gaztetxea hustu zutenean jasotako isunak ordaindu gura dituzte kanpainagaz. Munarri gaztetxea iazko urriaren 7an desalojatu zuten eta handik gutxira bota zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!