Zornotzako baserri azokak domeka honetan berrekingo dio jardunari

Ekaitz Herrera 2020ko api. 23a, 11:36

Segurtasuna bermatzeko neurri zorrotzak ezarri ditu udalak. 2 metroko distantzia egon beharko da erosleen artean, 4 metrokoa saltzaileen postuen artean eta 6 metrokoa erosleak igarotzen diren pasabideetan. Ohi bezala, Ixerren egiten den azoka 8:30etatik 11:30etara izango da zabalik

Aurreko asteburuan Durangoko merkatuak egin bezala eta asteon Traña-Matienakoak egin bezala, Zornotzaren txanda da orain. Udalak jakinarazi du domeka honetan bertan ostera ere zabalduko dituela ateak Ixerren egiten den baserri azokak. Guztira, 6 baserritar egongo dira nekazaritza eta abeltzaintza produktuak saltzen.

Zornotzako Udalak ezarritako segurtasun neurriak honakoak dira:

  • Denek, bai erosleek eta bai saltzaileek botatzekoak diren eskularruak eta desinfektatzeko gela erabili beharko dituzte (bertan egongo dira)
  • Erosleen arteko distantzia 2 metrokoa izango da
  • Saltzaileek 4 metroko distantzia ezarriko dute postuen arteko distantzian eta 6 metrokoa kontsumitzaileak igarotzen diren pasabideetan. Postu berean langile bat baino gehiago balego, gutxienez bi metroko distantzia egon beharko da bien artean. Hori ezinezkoa balitz, pertsona bakarrak egon ahalko du postuan.
  • Agintariek segurtasun neurri hauek betearaziko dituzte, eta azokara sartzea ere kontrolatuko dute, jende pilaketarik egon ez dadin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!