Eguaztena. Merkatu eguna Abadiñoko Traña-Matiena auzoan. Koronabirusa dela eta hainbat astez bertan behera uzita egon da merkatua, baina, gaur, ostera ere, lanari berrekin diote ekoizle batzuek. Gaztelua auzoko bi ekoizle ibili dira saltzaile lanetan: Gema Agirre eta Illart Bazeta ama-semeak, Otzein baserriko kideak biak (garai bateko Patremoso baserrikoak). "Pozik egoteko moduko eguna izan da. Ez da jende pilo bat egon, baina bai guregana etortzeko eta merkatuan erosteko ohitura duen jendea. Eraman dugun jenero guztia saldu dugu", azaldu dio ANBOTOri Gema Agirrek.
Segurtasun neurri zorrotzak
Postu bakoitzean bete beharreko hainbat neurri egon dira. Saltzaile bakoitzak bi mahai behar izan ditu lanerako. Batean baserriko produktuak ipini dituzte, eta handik lau metrotara, bigarrena, produktua entregatu eta dirua hartzeko. Dirua, gainera, eskura barik kutxa batera sartu behar izan dute erosleek. "Izan den egunerako, pozik egoteko modukoa izan da. Nahiko nuke aurrerantzean dena normalizatzen joatea. Ez bakarrik baserritarrongatik, baita beste saltzaile, negozio eta herritarrengatik ere", esan du Agirrek.