Mugimendu feministak "zuritze eta propaganda" lanetan aritzea leporatu dio Zornotzako Udalari

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 8a, 11:00

"Modu partidistan, gai garrantzitsuak erabili ditu, eta jakin badakite, guri dagozkigun gaietan behintzat, hutsune potoloak izan dituztela", salatu dute Zornotzako Mugimendu Feministako kideek. "Dominak" ipintzeko sasoia barik, "lan egiteko" garaia dela esan dute.

Zornotzako Mugimendu Feministako kideek ohar bidez jakitera eman dutenez, udalari genero indarkeriaren protokoloa krisi garai honetara moldatzeko eskatu zioten. "Baina beraiek ez zuten egin nahi izan, eta zoritxarrez, kasu bat eman denean, protokoloak hutsuneak izan ditu", esan dute mugimendu feministako kideek. "Eraso matxistaren berri izan baino ordu batzuk lehenago 'maskarilla19' farmazietako kanpaina martxan jarri zuten. Kasualitatea ote? Edo kanpaina hau beraien kudeaketaren akatsak estaltzeko erabali dute?", jarraitu dute. 

Bestalde, herriko ekimen baten bitartez sortutako Zornotzako lkartasun Sareari eskerrak eman dizkiote, eta baita, zaintza, osasungintza, garbitzaile, komertzio eta funtsezko gainontzeko langile guztiei. Halaber, goraipatu egin dute Zornotzako 'makerren' lana ere.

Egoera bere onera itzulitakoan balorazio zehatzagoak egingo dituela aurraratu du Zornotzako Mugimendu Feministak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!