Zornotzako Udalaren gizarte zerbitzuek 1.200 herritar baino gehiago lagundu dituzte

Ekaitz Herrera 2020ko api. 8a, 10:43

Ia ehun elikagai-sorta banatu dituzte 300 herritarrentzat. Jaso duten herritarren herenak adinbakoak dira. Bestalde, telefono bidezko asistentzia eskaini diete bakardade egoeran dauden 900 herritar ingururi

Koronabirusaren krisiak gizarte laguntzetako jarduerak areagotzea eragin du eta Zornotzako Udalak, honezkero, 1.200 herritar inguru lagundu ditu. Udalak berak hainbat mailatako laguntza eskaini du: hainbat herritar oinarrizko elikagaiekin hornitu dituzte, isolamenduan daudenei telefono bidezko jarraipena egin diete, eta indarrean ipini ditu indarkeria matxistaren aurkako protokoloak.

Ia 100 elikagai-sorta

Udalak hamabost egunetarako 98 elikagai sorta banatu ditu premia duten herritarren artean. 275 bat herritarrek hamabost egunetarako oinarrizko elikagaiak izango dituzte, bai armosurako, bai bazkaritarako eta bai afaltzeko. Hartzaileen artean daude daude adinez nagusi ez diren 117 bat herritar. Banaketa hori gizarte langileen lanari esker eta herriko hainbat eragileri esker egin du udalak. Batetik Zornotzako Iraunkor elkarteko kideen laguntza izan dute, eta, baita herriko hainbat supermerkaturen babesa ere (Eroski, Lidl eta BM).

Telefono bidezko arreta

Gizarte Ekintza Sailaren beste lanetako bat telefono bidezko eguneroko jarraipena egitea izan da. Orain arte 850 bat dei egin dizkiete isolamendu eta bakardade egoeran dauden herritarrei. Horietaz gainera, menpekoak diren beste 55 bat herritar ere lagundu dituzte.

Neurri hauek guztiak azken egunotan Zornotzan izandako beste hainbat egitasmori batzen zaizkie. Halaber, udalak gogora ekarri du herriko 'maker' talde batek babes-biserak egin zituela duela egun batzuk, eta gogora ekarri du indarkeria matxistaren aurkako 'Maskara 19' protokoloa martxan dagoela.

Udal zerbitzuak, martxan

Udaletxea eta Herritarren Arreta Zerbitzua zabalik daude, baina udalak gogora ekarri du herritarren batek zerbait behar izatekotan, komunikazio telematikoa lehenetsi behar duela. Udalari lotutako kudeaketaern bat egiteko 946300190 telefonora deitu 688866600 WhatsApp zenbakira idatzi edo beste honako helbide elektroniko honetara jo daiteke: haz@amorebieta.eus.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!