Mangari eta kultura japoniarrari buruzko Mangamore jaialdia aurkeztu dute asteon. Zazpi gunetan banatuta, ehun ekitalditik gora batuko ditu urriaren 6tik 8ra hamaikagarren aldia egingo duen jaialdiak.
Aurreko aldietan Koreako eta Japoniako abestien koreografiez osatutako erakustaldiak antolatu dituzte. Ekitaldi horien harira, euren koreografiak erakusteko “hainbat eskari” jaso dituzte euskaldun gazteen partetik eta aurten lehiaketa bat antolatzea erabaki dute David Murillo Ametx Gazteriako koordinatzaileak eta Mangamoreko antolatzaileetako batek azaldu duenez. 20 saio izango dira, taldeko edo bakarka. Denak Euskal Herrikoak dira, batez ere gipuzkoarrak.
Kalathras youtuberra
Kalathras youtuberrak manga eta anime munduri buruzko lau kanal ditu youtuben. Denak zenbatuta bi milioi jarraitzailetik gora ditu. Bere zaleek bertatik bertara ezagutu ahalko dute Zornotzan urriaren 7an, 1130ean, Zelaieta zentroan.
Mitsuru Nagata marrazkilariak zuzeneko erakustaldiak egingo ditu Zornotzan. Pantaila handi baten laguntzagaz une horretan marrazten dabilena jarraitu ahalko da.
Areatzako Bandak anime munduko hainbat abestiz osatutako kontzertua eskaini zuen iaz eta aurten errepikatu egingo du. Zornotzako pilotalekuan izango da barikuan, 20:00etan.
Tamara Ferrero moda diseinatzailearen Lolita moda desfilea da beste osagaietako bat. Egitarau osoa mangamore.net webgunean aurkitu daiteke.