“Hasieran geuk joan behar genuen proposamen bila; orain etorri egiten zaizkigu”

Anboto 2016ko urr. 6a, 10:30

David Murillo (Ametx Gazteriako koordinatzailea)

Aurten 10. urteurrena du Mangamore Jaialdiak. David Murillo Ametx Gazteriako koordinatzailea aldi denetan ibili da antolaketa lanetan. Inork baino hobeto ezagutzen du jaialdiaren ibilbidea.

Zergatik sortu zenuten Mangamore jaialdia?
Batetik, Zornotzako Forzadores elkartearen eskaera izan zen abiapuntuetako bat. Bestetik, gure Gauero aisialdi eskaintzako kantaldi batean ‘manga’ izan zen gaia eta, normalean, 200 lagun batzen baziren ere, egun hartan 1.000 bat etorri ziren. Orduan ohartu ginen bazegoela zerbait egiteko potentziala.

Zelakoa da antolaketa?
Ez da erraza, egia esanda, baina elkarte askoren laguntza daukagu. Herriko elkarteena zein herritik kanpokoena. Gainera, orain lau urte lankidetza hori areago zabaldu zen, eta orain, esaterako, Lutaber elkarteko tabernek kultura japoniarreko pintxoak egiten dituzte. Askoren arteko elkarlana da. Lehenengo aldietan geuk joan behar izaten genuen proposamen bila, eta orain etorri egiten zaizkigu.

Mangaren gaineko jaialdi bat baino gehiago dago. Mangamore zertan da desberdina?
Mangamore erreferentea da jardunaldi hauek antolatzeko eta ulertzeko modua aldatu duen heinean. Mangamore sortu aurretik, mota honetako jardunaldiak berdinak ziren: postu mordoa, eta jokoentzako guneren bat izkina batean. Ekintza gutxi, eta publiko konkretu bati zuzenduta. Aldatu egin genuen hori. Manga munduarekiko interesa dutenak etortzen dira, baina baita hortik kanpokoak ere. Gainera, sarritan ez dira ikusleak bakarrik; ekimenetan parte hartzen dute. Aste bi barru, BEC-en Japan Weekend jaialdiaren bigarren aldia izango da. Jardunaldia antolatzerako orduan, gure dinamika berdina jarraitzen dute. Hau da, beste toki askotan, Bartzelonan, Madrilen… mota honetako jardunaldiek eredu tradizionalagaz jarraitzen dute; hemengo ingurukoek, berriz, ez. Hori ez da kasualitatea.

Zuk zeuk zelan bizi dituzu Mangamoreko egunak?
Hasieran ez nekien ezer mangaren eta Japoniako kulturaren gainean. Urteak joan ahala, ikasi egin dut. Ez dut ekitaldietan parte hartzeko astirik izaten. Ekintza ugari dago, eta alde batetik bestera pasatzen dugu asteburua. Jendea gozatzen ikustea, horixe da niretzat saria. Nik beti diot gure benetako gozamena oporretan joaten diren japoniarren gozamenaren modukoa dela. Doazen tokira doazela, argazkiak ateratzen ematen dute denbora, eta ondoren, etxean, argazkiei begira gozatzen dituzte oporrak. Guri ere antzerakoa gertatzen zaigu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!