Pokemon Go! fenomenoari tokia egin dio Zornotzako Mangamore jaialdiak

Anboto 2016ko urr. 4a, 15:00
Gaur aurkeztu dute Mangamore jaialdia Zelaieta Zentroan.

Zapatuan Pokemonak erakartzeko hainbat amu botako dituzte Zornotzan. Gainera, Folagor eta Sara Pecas youtuberrak etorriko dira. Folagor Pokemon mundua jorratzen duen youtuberrik ezagunenetakoa da.

Manga mundua eta Japoniako kultura jorratzen dituen Zornotzako Mangamore jaialdiak hamarkada bat beteko du asteburu honetan, urriaren 7tik 9ra. Aurtengo ekitaldi sorta oparoaren barruan Pokemon Go! fenomenoari tokia egin diote. Esaterako, zapatuan antolatzaileek hainbat amu birtual utziko dituzte 5. gunean: Luis Urrengoetxea kalean, Harrison inguruan eta Euskal Herria enparantzan. Amu horrek Pokemonak erakarriko ditu eta ehiztari abilenarentzat izango da saria.

Youtuber ezagun biren bisita da Pokemon zaleentzako beste erreklamu bat: Folagor (ia 1.500.000 jarraitzaile) eta Sara Pecas (287.000 jarraitzaile) youtuberrak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da zapatuan, 11:30ean. Folagor Pokemon-en mundua jorratzen duen youtuberrik garrantzitsuenetakoa da.

Pokemon fenomenoaz gainera, urtero legez, makina bat ekitaldi antolatu dituzte manga zaleen gosea asetzeko eta horiek formatu anitzetan eskainiko dituzte: kontzertuak, hitzaldiak, jokoak… Horixe da, hain zuzen, Mangamoreren bereizgarritasun nagusia David Murillo Ametx Gazteriako koordinatzailearen ustez: “Ohiko egitura zurrunetik irteteko helburuz hasi ginen. Parte hartzea sustatzea eta kultura hau barrutik eta benetan ezagutzeko ekitaldiak eskaintzea gure genuen”.

Kill Bill filmeko koreografoaren ikuskizuna

Zapatuan, 21:00etan, Tetsuro Shimaguchik zuzentzen duen Kamui samurai taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera dago Zornotzako pilotalekuan. Shimaguchik Quentin Tarantinoren  ‘Kill Bill Volumen 1’ filmeko katana borroken koreografia sortu zuen.

Anime munduko soinu bandak zuzenean

Dragoi Bola, Heidei, Marko, Zelda, Mario… anime marrazkiak hainbat belaunaldiren erreferente izan ziren urte askoan. Marrazkiekin batera euretako soinu bandak ere ezagun egin ziren. Bide horretatik,  Areatzako musika bandak soinu banda ezagunenekin osatutako kontzertua eskainiko du barikuan, 20:00etan, Zornotza Aretoan. Hain zuzen, aurten Zornotza Aretoa gune berri bat izango da Mangamore jaialdiaren barruan eta hainbat ikuskizun hartuko ditu.

Fukushimako tragedia 3D-an

2011ko lurrikara batek Japoniako Fukushima herriko zentral nuklearrean leherketak eragin zituen. Tsunami baten ondorioak ere pairatu zituzten japoniarrek. Handik denbora batera jazoera horiek eta bere ondorioak jasotzen dituen dokumental bat landu zuen El Pais egunkariak. Dokumental hori Okulus Rift baten bidez hiru dimentsiotan ikusteko aukera eskainiko dute Zelaietan Zentroan. Gai horri buruzko erakusketa ere antolatuko dute Zelaietako hall-ean eta Kosuke Nakamorik Fukushimako oraina eta etorkizuna izango ditu berbagai domeka eguerdiko hitzaldian.

Japoniako gastronomia

Mangamore 2016k bere merkataritza gunea handitu du, hamabost saltoki baino gehiago egongo direlarik. Bertan bisitariek mota guztietako produktuak eskuratu ahal izango dituzte eta gogoko dituzten telesailen merchandising-a eskura izango dute.  Bisitariek Japoniako platerrez gozatzeko aukera izango dute, bai beraiek eginez edota dastatuz. Dango tailer bat egongo da larunbatean 12:00etan eta Sushi tailer bat igandean 12:00etan.  Janaria dastatzea nahiago dutenek, larunbatean 17.00etan Sushi kata batera joateko aukera izango dute edota Japoniako inspirazioa duten pintxo batzuk jateko aukera egongo da larunbatean Luis Urrengoetxea kalean.

Iazko aldiko ARGAZKI GALERIA

MANGAMOREKO EGITARAUA:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!