Mangaren eta kultura japoniarraren inguruko Mangamore jaialdiaren gaineko balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Aurten iaz baino 800 bat bisitari gehiago etorri direla kalkulatu dute, 14.000 lagunetik gora. Gehienak Euskal Herritik etorri dira, baina beste erkidego batzuetatik etorri direnen kopurua ere hazi egin dela azpimarratu dute: Katalunia, Burgos, Galizia, Kantabria, Madril, Andaluzia, Zaragoza eta Valentziatik, batez ere. Ondorioz, herriko eta inguruko ostatuen okupazio tasa %95ean kokatu dute.
Asteburu osoan izan ziren 100 ekintzetatik ondokoak nabarmendu dituzte: Kamui eta Mika Kobayashiren ikuskizunak, Cosplay lehiaketa, umore horiko jolasak, Folagor eta Sara Pecas youtuber arrakastatsuen bisita eta Areatzako bandak Zornotza Aretoan emandako kontzertua.
Era berean, Luis Urrengoetxea kaleko tabernak ere interes gune izan dira Japoniako sukaldea euskal sukaldearekin lotu duen gastronomia probatzeko eskaini dutelako.