Kirol Kontseilu Gorenak atzera bota du Zornotza STren helegitea

Anboto 2017ko ira. 4a, 14:15

Orain bide judizialari ekingo diote Audientzia Nazionaletik.

Kirol Kontseilu Gorenak (KKG) ez du onartu Zornotza Saskibaloi Taldearen helegitea. Horrelaxe konfirmatu dio Joxe Etxebarria klubeko presidenteak ANBOTOri. Orain epaitegietara joko dute. Audientzia Nazionalera, hain zuzen. "Kontseilu gorenaren erabakia jasotzen duen dokumentuan zehazten denez, helegitea jarri nahi badugu, horretarako zuzendu behar garen hurrengo organoa Audientzia Nazionala da", adierazi du Etxebarriak.

Erabaki hori jakinda, abokatuekin Audientzia Nazionalean sartu beharreko helegitea lantzen hasiko dira klubeko arduradunak. Aste honetan bertan sartuko dute helegitea, ahalik eta arinen, denbora agortzen ari baita. Irailaren 30ean hasten da Zilarrezko Liga. Uste baino gehiago luzatu da KKGaren erabakia; abuztuaren 18rako erantzun bat eman behar zuten eta aste bi geroago jakinarazi dute.

Jokalari barik

Larria da talde nagusiaren egoera. Bide judiziala azken kartutxoa da. Aldeko epairik jaso ezik talde nagusia desagertu egingo da. Ziurgabetasun horren aurrean, jokalariek nork bere bidea hartzea erabaki dute Etxeberriaren esanetan. “Kontua ondo amaitu edo txarto amaitu gugaz jarraitzeko konpromisoa hartu duten bakarrak Mikel Garitaonandia entrenatzailea, bigarren entrenatzailea eta laguntzaileak dira”.

25 urtez klubari lotuta daramatzan Joxe Etxebarriak “une gogorrak” bizitzen ari dela onartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!