Espainiako Saskibaloi Federazioak datorren denboraldian Zilarrezko Ligan jokatuko duten 16 taldeen berri eman zuen atzo. "Harrituta gelditu ginen, Zornotza ST taldeen artean ikusi ez genuenean", adierazi du Joxe Etxebarria presidenteak.
"Denboraz kanpo papelak aurkeztu genituela esan digute, eta gure ustez, ez da horrela", adierazi du presidenteak. Hori horrela, aurten, Urrezko Ligarako igoera fasea jokatu duen taldeak helegitea aurkeztuko duela jakitera eman du. "Abokatuak errekurtsoa prestatzen dabiltza, eta dagokigun mailan, Zilarrezko Ligan, jokatzeko borrokatuko dugu", adierazi du Etxebarriak. Bestalde, kirolarien eta taldearen prestaketa honek ez duela "kaltetuko" aitortu du presidenteak.