Etxebarria: “Sasoi batean gaur non egongo ginen esan banu, zoratuta nengoela erantzungo zidaten”

Joseba Derteano 2017ko eka. 1a, 13:15

Zornotza Saskibaloi Taldeko presidente Joxe Etxebarriak 25 urte bete ditu klubean. Juniorren eta nagusien taldeak entrenatu zituen lehenengo, eta 2005etik hona presidentea da.

Une gaitzak eta gozoak, bietarik bizi izan ditu denbora honetan guztian, eta orain gozoagaz gozatzen dabil, taldea Urrezko Ligarako igoera faseko finalean duela. “Orain urte batzuk gaur non egongo ginen esan banu, zoratuta nengoela erantzungo zidaten. Baina hemen gaude, eta aukera handiekin”, dio.

Finala irekita dago. Larrean partidu bana irabazi dute Ametx Zornotzak eta Valladolidek. “Bagenekien lehenengo partidua zaila izango zela, atseden egun gutxi genuelako azken partidutik. Nekatuta geunden, eta galdu egin genuen. Beraz, domekakoa irabaztea itzela izan zen”, azaldu du.

Hurrengo partidu biak Valladoliden dira: lehenengoa gaur, 20:45ean, eta bigarrena domekan, 19:00etan. Beharrik balego, Zornotzan jokatuko litzateke bosgarrena, ekainaren 6an, 20:30ean. Taldea “oso ondo” dagoela dio, “fisikoki zein mentalki”. “Nik jokalariak lasaitu beharrean, eurek lasaitzen naute ni. Alde horretatik, berba onak baino ez ditut, bai eurentzat, bai gure zaleentzat”, dio presidenteak.

Igoera faseko partiduekin saskibaloia berbagai bihurtu da Zornotzan, eta horri balio berezia ematen dio. “Kantxak beteta, zaleak kamiseta berdeekin, tabernako telebistetan partiduak ematen, umeak saskibaloian jokatu nahian… herrian saskibaloia arnasten da egunotan, eta horixe genuen helburu. Alde horretatik, oso pozik gaude”.

Gaur ametsa denak amesgaizto itxura ere izan zuen denboraldi aurrean. Taldeak Zilarrezko Ligan jarraitzea kolokan zegoen orduan, diru kontuengatik. Eskumuturreko berdeak atera zituzten gaia herrian zabaltzeko eta, bide batez, dirua batzeko. “Ekonomikoki arazoak izan genituen eta oraindik baditugu, baina lan asko egin dugu denboraldia ondo amaitzeko”, azaldu du. Eta Urrezko Ligara igotzea bideragarria litzateke ala galdera ikur bat da oraindik? “Galdera ikurren bat agertuko litzateke, baina dagoeneko mugitu gara handik eta hemendik. Indar guztiekin saiatuko ginateke igoera baliatzen, eta uste dut posible izango litzatekeela”.

Larreako harmailetako presidentearen aulkira begiratu eta Etxebarriaren aurpegia ikustera ohituta daude zornotzarrak.  Hantxe zegoen nazional eta autonomia mailen artean saltoka zebiltzanean, eta baita EBAra eta Zilarrezko LEBera igo zirenean ere. Baina noiz arte? “Denboraldi amaierak gogorrak izaten dira, eta azken urtea izango dela pentsatzen duzu, baina aurtengoa hain da momentu ona… beste pare bat urtean jarraituko dudala uste dut”, azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!