Zilarrezko Liga hasteko hilabete eskas bakarrik falta da eta Zornotza Saskibaloi Taldeak oraindino ez daki bertan jokatzerik izango duen ala ez. Espainiako Saskibaloi Federazioak ez zuen maila horretan ariko direnen zerrendan sartu formazko akats bategatik. Egoera aztertu ostean Zornotza STko arduradunek helegitea jarri zuten Kirol Kontseilu Gorenean eta organo honek abuztuaren 18ra arteko epea zuen erabaki bat hartzeko. Kautelazko neurria eskatu zioten, erabakia gehiegi atzeratzeak “kalte konponezinak” eragiten zituelako: fitxaketetan, entrenamenduetan, denboraldiaren prestaketan… Abuztuaren 18a aspaldi joan zen eta oraindino ez dago erantzunik. “Hilabete baino gehiagoan kautelazko neurria eman edo ez bezain erabaki erraza ez hartzea ulertezina eta arduragabea da”, klubeko arduradunek ohar batean salatu dutenez.
Alde zein kontra, erabakiak dagoeneko hartua egon beharko zuela diote. Horrela, ezezkoa balitz ere, gutxienez eskaera berriz egiteko bide judiziala irekiko litzaieke. Betisen kasua aurten eta Bilbao Basketena bere sasoian jarri dituzte adibide moduan. Aitzitik, “segurtasun juridiko barik, zer gertatuko denaren ezjakintasunarekin” daudela diote eta honek federazioari zein saskibaloi klub denei eragiten diela. “Kirol Kontseilu Gorenak ez dio modu ausartean aurre egin azkartasuna eta bizitasuna eskatzen zituen egoerari. Segurtasun juridiko ezak kalteak eragiten ditu eta, gainera, aurrerantzean kalte horiek handitu egin daitezke”, salatu dute.