"Zornotzan jendea saskibaloira kateatzea zen garrantzitsuena"

Anboto 2014ko mar. 12a, 09:00

Garitaonandiak zilarrezko mailari eutsi dio Zornotzagaz; saskibaloi zale amorratua da.
Zornotza Saskibaloi Taldeak Zilarrezko Adecco mailan debutatu du aurten. Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan mailari eustea lortu dute, eta orain kanporaketetan sartzeko ahalegina egingo dute. Mikel Garitaonandia 29 urteko entrenatzaile durangar gaztea da arrakastaren erantzuleetako bat.

 

Zorionak Mikel, lortu duzue denboraldirako helburua.

Eskerrik asko. Udan zalantza asko geneuzkan, guztiz berriak izan garelako maila honetan, pasa den urtean igo berri. Taldea eraikitzerakoan lehenengo helburua hori zen, maila mantentzea. Gainera, ekonomikoki nahiko justu ibili gara urte osoan. Denboraldia hasita, taldea maila honetarako lehiakorra zela ikusi genuen. Gero, lesioekin arazo piloa eduki dugu; inoiz ez dut ikusi hainbeste lesio. Ezin izan dugu behar bezala entrenatu, partidu askotara sei-zazpi jokalarigaz joan gara...  Baina apurka-apurka ohitu egin gara, eta lortu dugu taldea sendo agertzea, batez ere etxean. 

 

Partidu gogorra izan zen domekakoa, ezta?

Guretzako partidu guztiak izan dira oso gogorrak. Zure helburua atzetik irtetea denean, argi dago ez zarela gai edonori erraz irabazteko. Bi zati izan zituen domekakoak. Lehenengoan puntu asko jaso genituen, baina bigarrengoan erasoan errazago jokatu genuen, eta defentsarako konfiantza eman zigun horrek. Oso partidu garrantzitsua zen salbazioa lortzeko. Zapatuan Askatuak taldeak irabazi egin zuen, eta domekan galtzeak presioa eta urduritasuna ekarriko zukeen. Liga amaieran dauzkagun partiduak oso zailak dira.

 

Zaleen babesa eskertu duzue.

Helburua maila mantentzea zen. Baina, bestalde, Zornotzan jendea saskibaloira kateatzea zen garrantzitsuena. Ez genuen espero, inola ere, lehenengo domekatik atzenengora kantxa betetzerik. Donostiarako autobus bi bete genituen, jendea autoetan etortzen da bidaietara... Jendeak kalean gelditu egiten zaitu, galdetu egiten dizu, eta badaki noren kontra jokatzen duzun. Gure garaipenik handiena afizioa kateatuta edukitzea da.

 

Aurtengo fitxaketa bat Kyle Rowley izan da. Sare sozialetan esan du asko ikasi duela.

Sekulako zortea izan genuen beragaz. Izan ere, pivot bat lesionatu zitzaigun. Oviedok fitxatu zuen Urrezko mailan, baina kontratua eten zuten. Ez da jokalari ikusgarria, baina 2,13 metro ditu. Gure mailan oso handia da. Taldekideekin sekulako harremana du, eta hori lortzea gaitza izaten da atzerritarrak ekartzerakoan. Egunero lehena da etortzen, lan egiten du, gimnasiora joaten da, beti dago prest eta irribarre bategaz aurpegian. Bere lehenengo esperientzia da AEBetatik kanpo. Berez Trinidad eta Tobagokoa da.  

 

Zornotzan lau urte, eta lehenago Tabirakon ibili zinen. Gaztea izan arren, ibilbidea egin duzu.

Gaztetatik hasi nintzen entrenatzen. Jolasten nuenean ere umeak entrenatzeko ilusioa neukan. Lesio bat izan nuen, eta ez neukan sufritzeko gogo hori, baina bai entrenatzekoa. Durangon, lehenengo seniorrak, gero umeak berriro, eta, ostean, Zornotzara etorri nintzen. Urte bi egon nintzen Unai Zamalloaren bigarren entrenatzaile lez, eta Unaik iaz uztean zuzendaritzak nigan konfiantza eduki zuen.

 

Zale amorratua zara, beraz.

Larregizkoa. Etxera heltzean beti beste partidu bat ikusten hasten naiz. Nire taldean pentsatzen ez nagoenean, saskibaloia ikusteak erlaxatu egiten nau. Asko ikasten dut edozein saskibaloi mota ikusten dudanean.

 

Hurrengo denboraldiari begira, nolako egoera ikusten duzu? 

Ekonomikoki liga hau oso garestia da, eta lotsagarria da. Federazioak finkatzen dituen prezioek ez daukate zentzurik. Guk gaur egun daukagun laguntzarik handiena Zornotzako Udalarena da, guztiz inplikatu da. Klubak nahiko argi dauka datorren urtean Zilarrezko mailan jokatuko duena berriro.  Horregatik, nahiko lasai gaude.

 

Bizkaiko bigarren taldea zarete momentu honetan.

Bizkaian ondo egiten ari da harrobiko lana, eta jokalari sano interesgarriak irteten dabiltza. Fisikoki ere aldaketa egon da; handiak eta koordinatuak irteten dira. Nabarmentzen ari diren gazteek elitera heltzeko eskailera bat edukitzea garrantzitsua da. Guztiak ez dira gai ACBn jokatzeko, baina aurreko eskaileran egoteko akaso bai.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!