Zornotzak mailari eustea lortu du

Anboto 2014ko mar. 10a, 09:53

Helburua bete du Zornotza Saskibaloi Taldeak. Zilarrezko Adecco mailan lehiatu da aurten, profesional mailan lehenengoz, eta mailari eustea lortu du bost jardunaldiren faltan. Azpeitia-Azkoitia taldeari 86-84 irabazi zion atzo Larreako kiroldegian.

Zaleen bultzadagaz partidu gogorra irabaztea lortu zuen Zornotzak. Talde biak mailari eusteko borrokan, tentsio handiko neurketan. Eta azkenean etxekoak garaile. Gainera, lehia berean zegoen Askatuak taldeak bere partidua irabazi eta atzo irabaztera behartu zuen Zornotza. Emozioa uste baino handiagoa izan zen, beraz.

Ez zen garaipen erraza izan. Bisitariak markagailuan aurretik joan ziren neurketako fase batzuetan. Adibidez, hirugarren laurdenean hamar puntuko abantaila eduki zuten tarte batean. Baina zornotzarrek buelta ematea lortu zuten. Laugarren laurdenaren hasieran, hirukoak jaurtitzen hasi eta hiru sartu zituzten etxekoek. Hor hasi ziren garaipenerako bidea marrazten.

Denboraldi gogorra izan da taldearentzat, baina helburua beteta atzo poza nagusi izan zen Larrean. Partidu bikaina egin zuen Toni Lorenzok, 25 puntu eta asistentzia eta errekuperaketa bina burututa. Bestalde, Ibon Carretok 101. partidua jokatu zuen Zornotzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!