Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko du zaptu honetan Zaldibarko frontoian, Bitor Garitaonandia omentzeko ekitaldien barruan. Emanaldiak zaldibartar ilustrearen oihartzuna gogora ekartzeko balioko du, Garitaonandiak berebiziko bultzada eman ziolako Donostiako Orfeoiari XX. mende hasieran.
Zaldibarko Udalak iragarri duenez, Orfeoiak "nazioarteko errepertorio korala, euskal musikako obra gogoangarriak eta herri-tradizio handiko konposizioak" tartekatuko ditu. Nazioarteko abestien artean, Amazing Grace (John Newton), Edelweiss (R. Rodgers eta O.Hammerstein), Hallelujah (Leonard Cohen), Moon River (Henry Mancini), Imagine (John Lennon) eta Puente sobre aguas turbulentas (Simon & Garfunkel) egongo dira. Euskal musikako pieza tradizionalen atalean, berriz, Maite (Pablo Sorozabal), Baldorba (Benito Lertxundi), Txoria txori (Joxe Antonio Artze / Mikel Laboa), Lau teilatu (Juan Carlos Pérez eta Itoiz), Aurtxoa seaskan (Gabriel Olaizola), Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete) eta Jaialdia (Iñaki Urkizu).
Halaber, kontzertuan Nerea Alberdi, Lucía García eta Uxue Eceiza bakarlariek parte hartuko dute, baita Borja Rubiños piano-jotzaileak ere. Zuzendaritza lanak José Antonio Sainz Alfarok egingo ditu.
Oroimen ekitaldien itxiera
Zaldibarko Udala eta Gerediaga elkartea martxoaren 5etik dabiltza Bitor Garitaonandia omentzeko jardunaldietan murgilduta. Hilaren 5ean haren biografia eta obra ezagutzeko erakusketa inauguratu zuten liburutegi zaharrean, zapatu honetara arte ikusgai dagoena. Martxoaren 6an ipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten ospitaleko kaperan, eta joan zen larunbatean, Euskaltzaindiak eta udalak jendaurreko bilera irekia egin zuten Garitaonandiari gorazarre egiteko. Donostiako Orfeoiaren kontzertua izango da, hain zuzen ere, jardunaldi-sortako azken ekitaldia.