Martxoan 150 urte bete dira Bitor Garitaonandia euskaltzale zaldibartarra jaio zenetik, eta Gerediaga elkarteak eta udalak hari gorazarre egiteko ekitaldi-sorta antolatu dute. Egitarau horren barruan, gaur goizean Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak eta gobernu taldeko kideek harrera egin diete Euskaltzaindiako ordezkariei eta Gerediaga elkarteko arduradunei. Ekitaldian Adolfo Arejita euskaltzain osoak, Joseba Sarrionandia euskaltzain urgazleak eta Eneritz Azpitarte alkateak hitz egin dute. Ondoren, bertaraturiko guztiek Bitor Garitaonandiaren omenezko bustoan argazkia atera dute. Euskaltzaindiko ordezkariek liburutegi zaharreko erakusketa ezagutzeko aprobetxatu dute Pello Zabarte ikerlariaren eskutik.
Ekitaldi ugari
Jardunaldietako lehenengo ekitaldia eguenean egin zuten, Garitaonandiaren biografiaren eta obraren erakusketa inauguratuta. Esposizioa liburutegi zaharrean atondu dute eta hilaren 14ra arte egongo da ikusgai. Halaber, erakusketarako bisita gidatuak antolatu dituzte. Martxoaren 7an eta 14an izango dira, biak 11:00etan. Interesdunek zaldibar@zaldibar.eus helbidean eman dezakete izena. Bestalde, ipuin lehiaketa ere egin dute.
Egitaraua martxoaren 14an amaituko da, Donostiako Orfeoiak Olazarko pilotalekuan emango duen kontzertuagaz, 19:30ean. Ekitaldirako sarrerak udal liburutegian eskuratu daitezke.