Ekitaldi sorta zabala Zaldibarren, Bittor Garitaonandiaren ekarpena aitortzeko

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 18a

Zaldibarko Udalak eta Gerediaga elkarteak ekitaldi sorta prestatu dute Bittor Garitaonandia omentzeko. Aurten, 150 betetzen dira euskaltzale, idazle, kazetari eta musikari ilustrea jaio zenetik. Hori horrela, martxoan zehar askotariko ekitaldiak egingo dituzte udalerrian, Garitaonandiari gorazarre egitea helburu. 

Eneritz Azpitarte alkateak esan duenez, martxoa zaldibartar emankorraren ekarpenak gogoratzeko eta ohoratzeko hilabetea izango da: “Euskara, musika konposizioa, literatura, kazetaritza, ondarea… Garitaonandiak argi izpi zabal bat ekarri zuen dena egiteke zegoen garaian. Ameslaria izan zen, eta bete-betean asmatu zuen martxan jarritako proiektu bakoitza jendarteratzen. Ezinbestekoa dugu bere figura merezi bezala ohoratzea. Iraganetik ikasteko, aurrera begiratzeko, eta gure herrikide ilustre honi merezi duen lekua eskaintzeko”.  

Gotzon Gomezek, Gerediaga elkarteko presidenteak, Garitaonandiaren lana jasotzea,
ikertzea eta zabaltzea garrantzitsua dela azpimarratu du. “Durangaldeko eta Euskal
Herriko iraganaren ondare da Garitaonandiaren ekarpena, Euskal Pizkundearen garaiko
ezinbesteko pieza. Hala ere, haren oroimenerako egingo dugun ariketak etorkizunerako
pistak ere eman ditzake, Euskal Herrian euskararentzat pizkunde berri bat aldarrikatzen
ari garen aldi honetan”, azaldu du Gomezek.

EGITARAUA:

  • Martxoaren 5etik 15era:  Garitaonandiaren ibilbidea ezagutarazteko erakusketa. Liburutegi zaharrean panel informatiboak, Garitaonandiak idatzirikoak eta partiturak egongo dira ikusgai. Bisita gidatuak antolatuko dituztela ere iragarri dute.
  • Martxoaren 6an, Garitaonandiaren omenezko lehenengo ipuin lehiaketako sari banaketa egingo da. Literatura lehiaketa abendutik urtarrilera jokatu zen, eta 8-12 urte bitarteko ume zaldibartarrek parte hartu zuten. Guztira 38 ipuin aurkeztu dira, eta orain, sariak banatzea baino ez da falta. Ekitaldia ospitale ondoko kaperan egingo da, 18:30ean. 
  • Martxoaren 7an, Euskaltzaindia Zaldibarrera etorriko da. Euskararen Akademiako kideek eta udal ordezkariek jendaurreko batzarra egingo dute udaletxean, 12:00etan, euskaltzain urgazle izan zenari gorazarre egiteko. Bide batez, Joseba Sarrionandia idazleak bilera hori baliatuko du  Bittor Garitaonandiaz eta Zaldibarko  literaturaz hitz egiteko. 
  • Omenaldi sorta musika doinuekin amaituko da, Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko du-eta Olazarko frontoian. Emanaldia martxoaren 14an izango da, 19:30ean. Sarrerak otsailaren 23tik martxoaren 6ra egongo dira salgai, bost euroan, udal liburutegian.

Zaldibartar emankorra

Bitor Garitaonandia Ariño 1876ko martxoaren 6an jaio zen Zaldua plazako Zapatarikoa etxean. Euskaltzalea izan zen, musika konpositorea, tenorea, antzezlan idazlea eta euskaltzain urgazlea. Musikaren alorrean, Zamorako katedraleko maisu tenore izan zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuen XX. mende hasieran. Euskalgintzaren eremuan, Argia* astekariaren sorreran parte hartu zuten beste hainbat euskaltzalerekin, eta garai hartan idatzi zituen euskarazko hainbat antzezlan eta ipuin liburu. 1925ean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Halaber, euskara estandarraren bultzatzaileetako bat izan zen. Handik urte gutxira hil zen Donostian, 1929ko irailaren 3an.​​

*Garitaonandiak sortu zuen Argia 1921etik 1936ra Donostian editatzen zena da. Ez da
gaur egungo Argia astekariarekin nahastu behar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!