"Desoreka handia dago Garitaonandiaren ekarpenen eta berarekiko ezagutzaren artean"

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 20a

Pello Zabarte Narbaiza ikerlari zaldibartarrak Bittor Garitaonandia herrikidearen biografia eta ekarpena aztertu du. Martxoan lau ekintza egingo dituzte Garitaonandia gogoratzeko, Zaldibarko Udalaren eta Gerediagaren eskutik. Zabartek ekitaldiak sustatzen parte hartu du. 

Bittor Garitaonandia euskaltzalea, idazlea, konpositorea eta euskaltzain urgazlea izan zen. Zuk zelan definituko zenuke?
Euskaltzale edo euskararen aldeko aktibista izan zen, beste ezer baino gehiago. Euskararen alde egitea izan zen bere motibazio nagusietariko bat, eta grina horrek ardaztu zuen bere jardun artistikoa, ikerlari jarduna zein elizkoia. XX. mende hasieran, Euskal Pizkundean saretuta zegoen gainerako elkarte eta eragileekin. Garai hartan sortu ziren euskarazko egunkariak eta astekariak. Euskaltzaindia sortu zen, Eusko Ikaskuntza. Eta garai horretakoak dira euskararen estandarizazioari buruzko lehenengo eztabaidak. Korronte horretan kokatu behar da Bittor Garitaonandia. Beste hainbategaz batera eragin zuen. Era berean, inportantea da kazetaria izan zela aipatzea. Argia aldizkaria sortu zuen beste hainbategaz. Ez gaur egungo Argia, Gerra Zibilaren aurreko Argia aldizkaria baino. Bertako zuzendaria izan zen hil arte, bere bizitzako azken zortzi-bederatzi urteetan. 

Korronte horretan zein ekarpen egin zuen eta zeintzuk ale utzi zituen?
Elizgizona izan zen, abadea, eta baita musikaria, kantaria eta konpositorea ere. Organoa jotzen zuen eta bertsotan ere ibiltzen zen. Umeentzako ipuinak idatzi zituen eta hainbat argitalpenen liburu bilduma ere bai. Dramaturgoa ere izan zen, antzezlanak idatzi zituen, eta kontuan hartu behar da sasoi hartan oso jende gutxi zegoela euskarazko hiru antzerki idatzi zituena. Euskaltzaina ere izan zen; euskara eta toponimia ikertu zituen.

Garaiko aktibista euskaltzalea izan zela esan daiteke?
Berba konkretua zein den esaten ez nuke jakingo, baina kontzeptua hori da. Bera modu kontzientean aritu zen euskararen alde. Kontzientzia hori esplizitua zen bere bokazioan eta motibazioan. Euskararen alde egite hori nabarmena da bere idatzietan, izan antzerki obretan, izan ipuin liburuetan, eta zeresanik ez aldizkarietan artikuluak idazten zituenean.

Zaldibarren jaio zen, Zaldua plazako Zapatarikoena etxean, baina batetik bestera ibili zen gero.
Kuriosoa da, desplazamendu guztiak edo gehienak musikari lotuta egin zituelako. Zaldibarren jaio zen eta bere aita herriko maisua izan zen. Durangon eta Ermuan eman zituen lehenengo pausoak musikan, eta 12 urtegaz Urduñara joan zen, jesuitenera. Musikan eskolatzeko aukera gehiago izan zuen han. Handik Salamancara joan zen abade ikasketak egitera, eta Zamoran amaitu zuen katedralean kantari, tenore. Lau urte egin zituen han, eta Donostiara joan zen gero. Orfeoiagaz hartu-emana izan zuen, eta han eragina izaten hasi zen. Eta jada Donostian kokatuta, bere ekoizpen literario guztiak han egin zuen eztanda.

Beraz, Donostian egin zuen eztanda bere euskaltzaletasunak?
Zalantzarik barik, bai. Donostian, eta batez ere bere bizitzako azken hamabost urteetan. Gazte hil zen, 50 urte pasatxogaz, eta esan daiteke bere produkzio osoa bizitzako azken hamabost urteetan egin zuela. Bazuen kanturen bat lehenagotik, baina bere hiru antzerki obrak, ipuin liburuak, Argia aldizkariko ibilbidea, euskaltzain izatea, euskarara estandarizatzeko lehenengo debateak ematea... hori guzti hori 1915etik 1929ra egin zuen. 

Zaldibartar bat beste zaldibartar bat ikertzen. Herrikidea gehiago ezagutzeko grinak bultzatu zaitu Garitaonandia ikertzera?
Nik neukan susmoa zen oso pertsona ezezaguna zela, bai Zaldibarren bertan bai hortik kanpora. Desoreka moduko bat zegoela bere ekarpenaren eta berarekiko ezagutza mailaren artean. Eta ikertu ahala hasierako susmo haiek berretsi ditut. Baina nabarmentzekoa da sasoi hartan hiru antzerki obra eta umeentzako ipuin liburu bat idatzi zituela, eta ekarpen azpimarragarriak egin zizkiola euskara hutsezko kazetaritzari. Izan ere, Argiak tirada handia zuen momentu hartan: 7.000-8.000 ale euskara hutsean astero. Eta euskara batua kontzeptu sortu bakoa bazen ere, estandarizazio ideien alde egin zuen. Berak planteatu zuen Gipuzkera osatuaren kontzeptua. Hau da: erdialdeko euskalkia oinarritzat hartzea eta beste euskalkiekin fintzea. Euskaldunen arteko ulergarritasunaren alde egin zuen. Gerora, Resurreción Maria Azkuek garatu zuen kontzeptu hori.

Zuk zer ikasi duzu beragandik? 
Esango nuke sortzailea izan zela zentzurik zabalenean. Ez zegoen euskara kazetaritzarik. Zero. Gaur egun guretzat normala den zerbait edo maila batean normala den zerbait ez zen existitzen. Eta orduan eurek planteatu zuten: "Bai, posible da, eta sortuko dugu gainera". Eta hiru antzezlan eta umeentzako literatura sortu eta idatzi zituen euskaraz. Neurri batean, ameslariak izan ziren. 

Martxoan 150 urte beteko dira jaio zela, eta Zaldibarko Udalak eta Gerediagak  omenaldi ekitaldiak antolatu dituzte. Zer ikasi beharko genuke omenaldi hauetatik?
Bere figura gehiago ezagutu beharko genuke, zaldibartarren artean batez ere, eta, horrez gainera, testuinguru zehatz batean kokatu. Azken finean, euskararen egoera okertzen zebilen momentu batean aurrera egiteko gaitasuna izan zuen, eta elkarteak, erakundeak eta komunikabideak sortu zituen. Berak eta bere ingurukoek produkzio artistiko-literarioa hasi zuten. Testuingurua asko aldatu da harrezkero, baina beste gauza batzuk ez hainbeste, ezta? Euskararen egoera, esaterako. Beharbada baliagarria izan daiteke kontzientzia zabaltzeko.

EGITARAU

ERAKUSKETA ETA BISITAK MARTXOAREN 5ETIK 15ERA


Omenaldi sortako lehenengo ekitaldia Garitaonandiaren ibilbidea ezagutarazteko erakusketa izango da. Esposizioa liburutegi zaharrean egongo da ikusgai, martxoaren 5etik 15era. Besteak beste, panel informatiboak, idatziak eta partiturak egongo dira. Irekiera martxoaren 5ean izango da, 19:00etan.

SARI BANAKETA MARTXOAREN 6AN, KAPERAN


Martxoaren 6an, Bittor Garitaonandiaren omenezko lehenengo ipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute. Lehiaketa abendutik urtarrilera jokatu zen, eta 8tik 12 urtera bitarteko ume zaldibartarrek parte hartu zuten. Denera, parte-hartzaileek 38 ipuin aurkeztu zituzten. Ekitaldia ospitale ondoko kaperan izango da, 18:30ean.

EUSKALTZAINDIA ZALDIBARREN MARTXOAREN 7AN, UDALETXEAN


Martxoaren 7an, Euskaltzaindia Zaldibarrera etorriko da. Euskararen Akademiako kideek eta udal ordezkariek jendaurreko batzarra egingo dute udaletxean, 12:00etan. Joseba Sarrionandia idazleak Bittor Garitaonandiaz eta Zaldibarko literaturaz berba egiteko baliatuko du bilera hori.

DONOSTIAKO ORFEOIA KONTZERTUA OLAZARREN


Omenaldi sorta musika doinuekin amaituko da eta Donostiako Orfeoiak kontzertua emango du Olazarko frontoian. Emanaldia martxoaren 14an izango da, 19:30ean. Sarrerak otsailaren 23tik martxoaren 6ra egongo dira salgai, bost euroan, Zaldibarko udal liburutegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!