Zapatuko Zaldu Trail mendi lasterketa nobedade batekin dator: 14 kilometroko ibilbide laburra ere antolatu dute

Anboto 2024ko ira. 24a, 11:00

Santamarinazar ingurutik igaroko da lasterketa. (Argazkia: Zaldua Mendi Taldea)

Zaldibarko mendi probak bigarren aldia egingo du zapatuan.

Zaldua Kirol Elkarteko mendi taldeak Zaldu Trail lasterketaren bigarren aldia antolatuko du zapatu honetan. Iazko aldiarekin gustura geratu ziren eta aurten jarraipena ematea erabaki dute. 

Aurten lasterketa bi egongo dira: 20 kilometrokoa eta 14 kilometrokoa. Bigarren hori nobedadea da. Herriko korrikalariei eta laburragoetan hobeto moldatzen direnei begira antolatu dute. 743 metroko desnibel positiboa du eta luzearen antzerako ibilbidea. Honako hau da aldea: Eitzaga auzotik zuzenean joango dira Aixolako presara, Egoarbitza tontorrera igo barik.

Lasterketa luzeak iazko ibilbide berdina du, 1.235 metroko desnibel positiboarekin. Korrikalariak Goierri ingurutik Eitzagara joango dira. Osteko bidea gorabeheratsua da eta Egoarbitzarako igoeran izango dira aldatsik gogorrenak.

Proba biak Zaldibarko udaletxe pareko plazatik abiatuko dira: luzea, 10:00etan eta, laburra, 10:15ean. Bien artean 100 korrikalari inguru batzea itxaroten dute. Emakumeetan iazko aldia irabazi zuen Oihane Unzaluk parte hartuko du, besteak beste.

Izen-ematea

Lasterketa bietarako izen ematea irekita dago oraindik. Eguen gauerdian amaituko da. Izen-ematea kirolproba.com webgunearen bidez egin daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!