Zaldibarrek ere badu bere mendi lasterketa; Zaldua Trail mendi probak lehenengo aldia egingo du zapatu honetan

Anboto 2023ko ira. 29a, 13:30

Santamarinazar ingurutik igaroko da lasterketa. Zaldua Mendi Taldea

Hilabeteren barruan, Durangaldeak hirugarren mendi lasterketa hartuko du: Arrazolako Sorginen Lasterketa egin zen lehenengo, irailaren hasieran. Elorrioko Aldapegora etorri zen ondoren, joan zen asteburuan, eta zapatu honetan Zaldibarko Zaldua Trail proba berriaren txanda izango da. 

Zaldua Kirol Elkarteko mendi taldeak antolatu duen ekimenak lasterketetarako dagoen zaletasunari tokia egitea du helburu, mendi taldeko Jabi Sierrak azaldu duenez: "Denborak aldatzen dabiltza. Orain mendi martxak ez dira egiten lehengo moduan; sarritan korrika egiten dira. Zaldibarko mendi martxa azkenekoz antolatu genuenean, desadostasun apur bat sortu zen parte hartzaile beteranoen eta berrien artean; lehenengoek zioten martxak oinez egiteko direla, baina askok korrika egiten zuten". Beraz, lasterketa berriagaz korrikalariak martxatik bereiztu gura dituzte, bakoitzari bere espazioa eskainiz. Bigarren arrazoi bat ere badago ekimen berria antolatzeko: Zaldua Kirol Elkartearen 50. urteurrena. Data berezi horren harira, ekimen berri bat sortu gura zuten ospakizun modura.

Ibilbide "exijentea"
Lasterketa 10:00etan hasiko da, Zaldibarko plazan. 20 kilometro ditu, eta 1.300 metroko desnibel positiboa. Korrikalariak Goierri ingurutik Eitzagara joango dira. Osteko bidea gorabeheratsua da: Egoarbitzara igo, Aixolako presara jaitsi eta Santamañezarrera igoko dira berriro Zaldibarrera bajatu aurretik. 

Trail "exijentea" da Sierraren esanetan. Egoarbitzarako igoeran daude aldatsik gogorrenak. "Desnibel gutxiagoko lasterketa egin genezakeen, baina gogorragoa egitea erabaki dugu kanpoko jendea erakarri guran", argitu du Sierrak.

Lehenengo aldi honetan, 50 eta 70 parte hartzaileren artean batzea espero dute. Oraingoz, espero zuten baino harrera baxuagoa izaten ari da izen emateari dagokionez, baina kontuan hartu behar da konpetentzia handia dagoela inguruan; hau da, lasterketa asko asteburu gutxiren barruan. Adibidez, urriaren 7an Anboto Kilometro Bertikala izango da, eta hurrengo egunean Aramotz mendi lasterketa. Lasterketa "proba" modura hartu dute eta gero balorazio bat egingo dute etorkizunean zer norabide hartu jakiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!