Konferentzia Liga irabazita, Europa mailako arrakasta errepikatu du Jose Luis Mendilibarrek

Anboto 2024ko mai. 30a, 09:30

Jose Luis Mendilibar iaztik hona irabazitako garaikur biekin (Argazkia: @europanfleague)

Iaz Sevillarekin Europa Liga irabazi zuen eta atzo Olympiakosekin Konferentzia Liga.

Krisian dauden taldeak hartu eta gailurrera eramaten aditu bihurtu da Jose Luis Mendilibar (Zaldibar, 1961). Bi urtez jarraian errepikatu duen lorpena da. Iazko martxoan burumakur eta jaitsiera postuan zegoen Sevillaren gidaritza hartu zuen, Jorge Sampaoli ordezkatuz. Taldeari aurpegia aldatu zion eta hiru hilabete geroago Europa Liga irabazi zuten Budapesten —Hungaria—. Atzo balentria errepikatu zuen, kasu honetan Olympiakos taldearekin. Otsailean hartu zuen talde greziarraren gidaritza eta beste behin miraria lortu du larri zebilen taldearekin. Atzo Konferentzia Liga irabazi zuen Fiorentina taldeari 1-0 irabazita, Atenasen (Grezia) jokatutako finalean.

Ez zen partidu erraza izan. Arauzko 90 minutuak hutsean amaitu ziren eta luzapenaren hondarrean heldu zen garaipenaren gola, askok burua penaltietan zutenean.

Finalerako bidea ere azpimarratzeko modukoa izan da. Maila handiko taldeak kanporatu ditu Fenerbahçe eta Aston Villa kasu. Talde ingelesari 2-4 irabazi zion Birminghanen eta 2-0 etxean. Beraz, ez da egun bateko lorea izan eta talde greziarrak erakustaldi bat baino gehiago egin du Mendilibarren aginduetara.

Bi urtean Europa mailako txapelketa bi irabazita inbidia izateko moduko palmaresa pilatu du zaldibartarrak eta arrakastaren sinonimo bihurtu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!