Mendilibar: urteetako itzaleko merituak, argitara

Anboto 2023ko eka. 1a, 11:39
Jose Luis Mendilibar atzo Budapesten (@SevillaFC)

Jose Luis Mendilibarrek (Zaldibar, 1961) entrenatzen duen Sevilla futbol taldeak Europa Liga irabazi zuen atzo Budapesten —Hungaria— Roma taldearen kontra. Urte askoan prestigio baxua duten lorpen azpimarragarriak izan ditu hainbat taldetan. Orain, atzoko garaipenagaz, nazioarteko aitorpena lortu du bere lanak.

Hilabete bi eta erdian talde barik egotetik Europa Liga irabaztera igaro da entrenatzaile zaldibartarra. Burumakur eta jaitsiera postuetatik gertu zegoen taldeari aurpegia erabat aldatu dio eta Europako tontorrera eraman du atzoko garaipenagaz.

Ez zen partidu erreza izan. Arauzko 90 minutuak banako berdinketagaz amaituta, penaltietan erabaki zen txapelduna eta hamaika metroetatik zehatzago aritu zen talde andaluziarra.

Partidu osteko prentsaurrekoan, Mendilibarrek jokalariei eman zien garaipenaren meritua. "Horrelako jokalariekin erreza da. Hasieratik esan nien oso jokalari onak zirela. Etorri nintzenean animikoki ez zeuden egoerarik onenean eta hori aldatzea izan zen gure lana. Azkenean eurak dira zelaira irteten direnak eta partiduak irabazi behar dituztenak. Zelai denetara irabazi dezakegun konfiantzagaz joan gara eta futbolean ondo jokatu dezakegula erakutsi dugu", adierazi zuen. Klubari ere eskerrak eman zizkion emandako aukeragaitik eta baita zaleei ere euren babesagaitik.

Lorpen entzutetsuena, baina ez bakarra

Europa Liga irabaztea Mendilibarren lorpenik loriatsuena da, baina ez bakarra. 30 urteko ibilbidean, azpimarratzeko moduko lorpen bat baino gehiago du zaldibartarrak, mediatikoki hainbesteko oihartzunik lortu ez badute ere. Valladolideko zaleei galdetzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. 2006an, Bigarren mailatik lehenengora igo zuen hiriburuko taldea, batutako puntuetan (88 puntu) errekor bat ezarriz. Ondoren, urte biz lehenengo mailari eutsi zioten.

2011n, Osasuna taldeko aulkian zegoela, Europa Ligara sailkatzetik puntu bakarrera geratu zen bere bigarren denboraldian.

Eibarren emandako urteak ere gogoratzeko modukoak dira. Bost urtez jarraian mailari eustea lortu zuen, ekonomikoki ahaltsuagoak ziren talde batek baino gehiagok bigarren mailarako bidea hartu zuten bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!