Olazar pilota txapelketako finalerdiak ANBOTOren webgunean zuzenean ikusgai, gaur

Anboto 2022ko abe. 15a, 10:00

Gaur Olazar txapelketako finalerdietako partiduak jokatuko dituzte. 21:30etik aurrera lau eta erdiko eta binakako partidu bana egongo dira. Lau eta erdian eta emakumeetan, Arrizabalagak eta Garaik neurtuko dituzte indarrak. Binaka eta gizonetan, Matak eta Iruritak De La Fuenteren eta Aldaberen kontra jokatuko dute. Irabazleak finalera sailkatuko dira.

Zaldibarko Olazar pilota txapelketako antolatzaileek zuzeneko emankizunak egiten dituzte eguenero. Youtube-n ez ezik, ANBOTOren webgunean ere jarraitu ahalko dira emankizunak. Koldo Aldalur kazetari ezaguna izan ohi da esataria (gaur Aritz Gallastegi kazetaria ariko da) eta Enrike Agirrebeitia komentarista.

Joan zen asteko finalerdia

Joan zen astean gizonen lau eta erdiko finalerdiak jokatu ziren. Lehenengoan, Zubizarretak 22-8 menderatu zuen Irribarria. Zubizarreta aurretik joan zen partidu osoan zehar: 6-1 / 10-4 / 20-7. Bigarren finalerdia lehiatuagoa izan zen. Ariztegik 22-16 irabazi zion Egigureni. Ariztegi 8-1 aurreratu zen, baina Egiguren aurretik heldu zen partidu erdira: 9-12. Ondoren, parean aritu ziren tanto batzuetan (16-14) harik eta azken txanpan Ariztegi nagusitu zen arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!