Olazar txapelketa

“Salamancako eta Ezkaraiko jendeak esan digu Olazarreko partiduak Internetez ikusteko elkartzen direla"

Anboto 2022ko urr. 14a, 09:30

Enrike Agirrebeitia eta Esteban Iparragirre Zaldua Kirol Elkarteko eta pilota taldeko kideak dira. Besteak beste, euren lanari eskerrak batzen dira urtero-urtero Euskal Herriko pilotari afizionaturik onenak Zaldibarren. Atzoko eta gaurko kontuei buruz galdetu diegu.

Olazar, orain Youtuben ere bai. Zelan sortu zitzaizuen ideia?
Enrike Agirrebeitia: Behin, Donostian, Antiguoko txapelketako partidu bat ikusten nengoela, antolatzaileetariko batek, Jose Mari Oterminek, esan zidan etorkizuneko bidea hortik ikusten zuela. Hedabideen zain egon beharrean, geu zuzenean heldu pilotazaleengana. Otermin EITBko programen zuzendaria izandakoa da. Probatzea erabaki genuen eta 2020an egin genuen lehenengo emankizuna.

Eta harrezkero ez zarete geratu.
Esteban Iparragirre: Iaz sei emankizun egin genituen eta aurten hamaika egingo ditugu, bost gehiago. Lehenengoa, urriaren 20an. Koldo Aldalur da esataria eta Enrike komentarista.

Harrera ona dutelako hainbeste emankizun?
E.A.: Harrera ona dutelako eta publizitatea hobeto saltzen delako. Batzuek esan izan digute: "Zuen buruaren kontra zabiltzate, jende gutxiago joango da frontoira". Baliteke, baina zazpi lagun gutxiago etorri arren, Interneten 700 lagunek zuzenean ikusten bagaituzte… Eraginkorragoa da. Bideo batzuek 3.000 bisitatik gora dituzte. Ezkaraiko [Errioxa] eta Salamancako [Gaztela eta Leon] jendeak esan digu partiduak zuzenean ikusteko batzen direla.  

Egin dezagun denboran atzera, Olazarreko sorrerara. Zergaitik erabaki zenuten pilota txapelketa sortzea?
E.A.: Akorduan dut ideiak zelan irten zuen. Behin, afizionatuetako txapelketa bateko partidua jokatu nuen Mungian. Gallastegi palista ere han zegoen, partiduak ikusten. Frontoiko giroa ikusita, "zergaitik ez dugu Zaldibarren antzerako zeozer egiten?" proposatu zidan etxera bueltan. Zaldua Kirol Elkarteko zuzendaritzara eraman genuen ideia. Pedro Mari Garitaonandiak, Estanis Gallastegik, Joaquin Maiztegik eta laurok osatzen genuen zuzendaritza, eta pilota adarreko arduraduna Javier Zuloaga zen. Gune hartan eman genion ideiari gorputza. 1980an antolatu zen lehenengoz, frontoi zaharrean. Orduan, Zaldibarko Eskualdeko Txapelketa deitzen zen.

Txapelketa frontoi zaharrean antolatzeak zer erronka zekartzan?
E.A.: Ez zuen oraingoagaz zerikusirik. Frontoi irekia zen. Durangoko estazioan toldoak alokatu eta frontoian ipini genituen, euritik babesteko. Horrela hasi ginen. Gogoan dut sarrera ehun pezeta zela. Bada, sarreren diruagaz txapelketa finantzatu eta toldo berriak erosi genituen. 

Frontoi berria egitea mugarria izan zen txapelketarako?
E.A.: Bai. Orduan, Zaldibar indartsu zebilen pilotan. 1976an, 1978an, 1979an eta 1986an Bizkaiko Herri Artekoa irabazi zuen. 1976an Euskal Herrikoa ere bai. Frontoi berria aspaldiko eskaria zen eta emaitza horiek lagundu egin zuten. Frontoi berria aupada bat izan zen Zaldibarko pilotarentzat. 1988an antolatu genuen lehenengo txapelketa Olazar izenagaz frontoi berrian.

Biharko Izarrak txapelketa Mallabian eta Olazar Zaldibarren erreferenteak dira Euskal Herrian. Cafés Baqué txapelketak ere sasoi bateko loria berreskuratu gura du. Eremu txikian hainbeste txapelketa inportante izatea onuragarria da ala elkar zapaltzeko arriskua dago?
E.I.: Txapelketa bakoitzak bere datak baditu ez dut arriskurik ikusten. Horixe da inpontarteena, datetan bat ez egitea.
E.A.: Durangaldeko pilotazaleentzat ona dela uste dut. Eta beste txapelketa batzuk Youtube bidezko emankizun txukunak egiten hasiko balira, pilotarako afizioa handitzen lagunduko lukeela uste dut. 

Gerora profesionaletan debutatuko zuten pilotari askok jokatu dute Olazarren. Euretarikoren baten erakustaldirik gogoratzen duzue?
E.A.: Makina batenak. Askoren kasuan, igartzen zen profesionaletara helduko zirena. Nik uste dut pilotazaleen iruditegi kolektiboan gehien gogoratzen den pilotakada Iñaki Esainek besagain jota pilota errebotean sartu zuenekoa dela. 1997an izan zen. Aldi hartan, Esain eta Otxandorena azpitxapeldun geratu ziren. 
E.I.: Eta kontrako kasu bat ere gogoratzen dut. Gaur egungo atzelaririk onenetarikoa, onena ez bada, Jose Javier Zabaleta da. Bada, Olazarren benetan eskas aritu zen. Kolpea orduan ere ikusten zitzaioan, e? Baina partidu txarra irten zitzaion.  
E.A.: Sortu zen giroagaitik, 1991ko finala ere aipatuko nuke, Lejardi-Azkarate eta Urionaguena-Fernández bikoteen artekoa. Tartean bertoko pilotariak zeudenez, giro itzela egon zen. Final berezia izan zen.

Finalak Gabon zahar egunean izaten dira. Data kuriosoa da.
E.I.: Hasieran beste egun batez jokatzen zen. Baina, behin, Gabon zahar egunez partidu bat ikusi nuen Bilbon. Palako pilotari bat zestako beste baten kontra. Giro itzela egon zen, frontoia lepo. Futbolik ez, bestelako hitzordurik ez… denak frontoira. Garbi ikusi nuen Olazarrerako data aproposa zela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!