Olazar txapelketa

“Pilotarientzat ohore bat da Olazar irabaztea, urtea amaitzeko dagoen modurik onena”

Joseba Derteano 2022ko urr. 14a, 09:30

Koldo Aldalur kazetari ezagunak egiten ditu esatari lanak partiduetan, 'Youtube Zaldibarko Udala' izeneko kanaletik. 

Enrike Agirrebeitiak eta zuk aspalditik elkar ezagutzen duzue, ezta?
Bai. 25 urtez lan egin dut ETBko kirol sailean. Hor klasiko bat zen urteko azken emankizuna Olazar txapelketa izatea. Gabon zaharretan grabatu eta urteberri egunean ematen genuen. Enrike hortik ezagutzen dut. Horrez gainera, pilotariekin, kazetari batzuekin… kuadrilla bat batzen ginen, batzuetan, pilotan jokatzeko. Noizehan behin neu ere azaltzen nintzen, eta Enrike finkoenetariko bat zen. Beraz, txapelketako antolatzaile eta esatari ez ezik lagunak ere bagara. Horregatik joaten naiz gaur egun Zaldibarrera emankizunak egitera.

Ideiak hasieratik konbentzitu zintuen?
2015era arte kiroletara dedikatu nintzen erabat. Harrezkero, albistegietan ari naiz lanean. Egia esan, emankizunen magia horren falta sumatzen nuen. Proposatu zidanean, alde batetik pentsatu nuen gaizki zetorkidala ordutegi aldetik, jardunaldiak berandu samar direlako [21:30ean, eguenero]. Azpeititik joaten naiz bertara. Baina, beste alde batetik, emankizunen premia hori sentitzen nuen. Gainera, Enrike laguna dut eta lagunak ditudan tokira joaten naiz. 

Zure ustez, zer pisu dauka Olazarrek pilotaren munduan?
Erreferente bat da. Hasieran, afizionatu mailako torneoen boom handi bat bizi izan genuen. Sasoi batean, toki askotan izan ziren txapelketak. Gerora, beherakada bat etorri zen, baina Olzarrek jarraitu egin du eta bere mailari eutsi dio, baita pandemia garaian ere. Esango nuke pilotari guztiek jokatu nahi dutela Olazarren, beste txapelketa batzuetan bezala: Diario Vasco, Zumaiakoa… Oso garrantzitsua zen Elgetako lau t'erdiko torneoa desagertu zenean, bizirik irauten zutenek enkantu berezi bat hartu zuten. "Begira, hauek eutsi egiten diote". Eta ez dago jakiterik ere zenbat lan egin behar den txapelketa hauek aurrera ateratzeko. Ordu asko eta, sarritan, esker txarreko lana. 

Olazarren ikusi dituzun partidu guztietatik badago baten bat buruan iltzatuta geratu zaizuna? Emozioagaitik, erakustaldiren batengaitik…
Ez dut partidu bat bereziki gogoratzen. Pena sentsazioa gehiagotan sentitu dut, ondo atera ez diren partiduengatik: pilotariren bat lesionatu denean, ez dutenean euren maila eman… Kontuan hartu behar dugu lau t'erdian pilotari gazteak aritzen direla, eta, horrexegatik, oraindik egin gabeko pilotariak izaten dira. Binakakoan, berriz, profesionaletan bukatu duten pilotarietako asko igaro dira Olazarretik. Orokorrean, oso maila handiko finalak izaten direla uste dut. Palmaresari erreparatuta, askok profesionaletan bukatu dute; eta bukatu ez dutenak afizionatu mailan aritu dira. Ildo horretatik, gogoeta txiki bat egin nahi nuke. Ez dakit askotan profesionaletara pasatzeak merezi duen, garai honetan afizionatuetan zelako maila dagoen ikusita. Seguru nago pilotari askok ospe, diru eta txapel gehiago izango luketela afizionatuetan, bizimodu hobea azken batean. Nire hausnarketa bat baino ez da, baina horrelako torneoek indartu egiten dute nire teoria. Olazar irabaztea ohorea da pilotarientzat, urtea amaitzeko dagoen modurik onena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!