Zaldibar aukeratu dute protestarako eszenatoki modura, euren arabera, Verter Recyclingen gertaturikoak "ondo laburbiltzen duelako lan istripuak, lan gaixotasunak eta horien ondorioz sortzen diren heriotzak zein testuingurutan gertatzen diren". Iazko otsailaren 6an Eitzagako hondakindegian gertaturikoak "enpresen lukurreria" agerian utzi zuela diote. Enpresa irabaziak "edozeren gainetik" ipini ohi direla, eta hori guztia hainbat instituzioren "utzikeriaz" eta "konplizitatez" egiten dela kritikatu dute. Azken puntu hau dela-eta, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko agintariak seinalatu dituzte: "Administrazio desberdinen ikuskaritza lana hutsaren hurrena da gai hauetan. Lan baldintzak zein ingurugiroa errespetatzen ez dituzten enpresak diruz laguntzen dituzte etengabe", kritikatu dute.
LABek eta Ernaik jakinarazi dutenez, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, 18 beharginek galdu dute bizia lan istripuen ondorioz. Azken asteotan hainbat lan istripu egon dira Durangaldean. Lan istripu hilgarri bat Abadiñon gertatu zen, eta Ibaizabal ikastolako behargin bat lantokitik etxerako bidean hil zen, "in itinere". Bestalde, Joaquin Beltranek Eitzagako zabortegian desagertuta jarraitzen duela gogoratu dute bi eragileek.