Joan den martxoaren 11n trafiko istripuan hildako herritarra Durangoko Ibaizabal ikastolako behargina zela jakinarazi dute sindikatuek. Irakasleak lantokitik etxerako bidean izan zuen istripua, 'in itinere'. Sindikatuen arabera 'in itinere' lez ezagutzen diren istripuak lan-istripuak lirateke, eta, hori horrela, urtea hasi zenetik Euskal Herrian emandako hamaikagarren lan-istripu hilgarria izan zen ordukoa. Sindikatuek "elkartasuna eta babesa" adierazi diete hildakoaren senide, lagun eta ikastolako langileei.
Elkarretaratu diren beharginen esanetan, in itinere istripuak ez dira "zoriak edo kasualitateak" sortuak. "Sistema kapitalistan ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin-behinekotasunaren emaitza" lirateke. "2020an 75 hildako eta desagertu bat" egon zirela salatu dute, Eitzagako zabortegian desagertutako Joaquín Beltrán azken hori. "2021ean 11 hildako ditugu jada. Bistan da ardura duten patronal eta instituzioek ez dutela neurririk jartzen osasuna eta bizitza gal ez ditzagun", salatu dute. "Lan eta bizitza duinak" aldarrikatu dituzte.