Zaldibarko Zaldua saskibaloi taldeak sortu zeneko 40. urteurrena ospatuko du zapatuan

Joseba Derteano 2018ko api. 19a, 18:00

Zalduako lehenengo emakumeen taldeko familia argazkia. Harrezkero, 40 urte joan dira.

Zalduako eta Tabirakoko emakume beteranoen arteko partidua izango da osagaietako bat. Aurretik, gizonek ligako partidua dute eta, irabaziz gero, kategoriaz igoko dira.

Aurten 40 urte bete dira Zaldibarren Zaldua saskibaloi taldea sortu zutenetik eta asteburuan ospatu egingo dute. Zaldibarko kiroldegian askotariko ekintzak prestatu dituzte zapatu honetan urteurrena ospatzeko.

Ligako partidu bategaz hasiko dute arratsaldea. Gizonetan, Zalduak Unkinako taldearen kontra jokatuko du, 17:00etan. Partidu berezia izan daiteke. Izan ere, Zaldibarko taldeak irabazten badu, mailaz igoko da. Beraz, biharkoa ospakizun bikoitza izan daiteke Zalduarentzat. Iaz berreskuratu zuten gizonen taldea eta etapa berriko lehenengo igoera lortzeko zorian daude.

Partidu horren osterako, 19:00etan,  emakumeen lagunarteko neurketa berezi bat antolatu dute, Zalduako eta Tabirakoko beteranoen artean. Arratsaldean zehar saskibaloiaz lotutako umeentzako jokoak ere izango dira. Iluntzean elkarregaz afalduko dute kiroldegian bertan eta jaieguna erromeriagaz agurtuko dute.

Lehenengo taldea, emakumeena

Zalduako lehenengo saskibaloi taldea emakumeena izan zen. Besteak beste, Angel Garateren ekimenez sortu zen. Orduan, Durangoko Tabirako klubean jokatzen zebilen eta Zaldibarren lanean hasi zen. Herrian saskibaloi talderik ez zegoenez, bat sortzera animatu zen 1978an. Emakumeen lehenengo taldeko entrenatzailea ere izan zen hiru urtez. Talde hartako kapitaina Alazne Uribarri zaldibartarra izan zen. Urtebetez Eibarren saskibaloian jokatutakoa zen eta bera zen esperientzia zuen bakarra.

Emakumeen taldea abiatu eta urte bira, Garatek gizonen taldea sortu zuen beste lagun batzuekin batera, eta bertako entrenatzailea izan zen urte batzuetan. Gaur egun, 40 urte geroago, talde biek martxan jarraitzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!