“Lehenengo urtean ez ginen federatu eta entrenatzen bakarrik jardun genuen”

Joseba Derteano 2018ko api. 20a, 12:01

Zaldibarrek saskibaloi taldeak baditu, hein handi batean Angel Garate Belarri (Durango, 1957) esker da. Talde bien sorreran lanean jardun zuen.

Saskibaloi talde bat sortzea pentsatu eta emakumeenari heldu zenion lehenengo. Zergatik?
Zaldibarren lana aurkitu nuen, herriko enpresa handi batean. Ni Tabirakoko jokalaria nintzen eta Zaldibarren talderik ez zegoela konturatu nintzen. “Zergatik ez talde bat sortu?”, esan nion neure buruari. Karmel Gisasolak lagundu zidan. Zergatik emakumeena? Garbi esanda, neska batengatik nuen interesagatik. Azkenean ezin izan zuen jokatu, gazteen kategoriarako adina gaindituta zuelako. Baina, aizu, gaur egun nire emaztea da, Tere Gonzalo.

Hamar bat neska batu zenituen. Zelan konbentzitu zenituen taldera batzeko?
Ni Tabirakoko jokalaria nintzen eta, sasoi hartan, Tabirakok sona handia zuen. Zaldibarren ez zegoen ezelango talderik emakumeentzat eta, azkenean, animatzen joan ziren.

Hutsetik hasi behar izan zenuen eurekin.
Bai. Baten bat kenduta, saskibaloian ibili bakoak ziren. Lehenengo urtean ez ginen federatu eta entrenatzen bakarrik jardun genuen. Oinarrizko kontuetatik hasi ginen; esaterako, baloia esku biekin botatzen. Meritu handiko lana egin zuten. Bigarren urtean, 1979an, federatu egin ginen eta Bizkaiko ligako partiduak jokatu genituen.

Alazne Uribarri taldera batzeko konbentzitu zenuen.
Banekien saskibaloian zebilela. “Gure taldera etorri behar duzu eta ezin didazu ezetzik esan”, bota nion. Azkenean, etorri egin zen. Estimu handia diot. Txapeldun bat zen eta oraindik ere bada.

Ondoren, gizonen taldea sortu zenuen.
Bai, jende gehiagoren laguntzarekin. Hiru urte geroago izan zen. Zaldibarkoak ziren asko eta Ermuatik ere bi edo hiru etorri ziren. Lau bat urtean entrenatu nituen.

Gaur, talde biek jarraitzen dute.
Poza eta harrotasuna sentitzen ditut hori ikusita. Guk hasierako bultzada eman genion eta, ondoren, lan bikaina egin duten lagun asko izan dira taldean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!