“Gurasoak eta zuzendaritzakoak inplikatu egin ziren eta taldeak ilusioa eragin zuen”

Anboto 2018ko api. 20a, 12:00

Zalduako lehenengo talde hartako jokalaria eta kapitaina izan zen Alazne Uribarri del Olmo (Zaldibar, 1963). Eibarko talde batean urtebeteko eskarmentua zuen saskibaloian, eta bere esperientzia baliagarria izan zen Zaldibarko talde berrian.

Zelan batu zinen taldera?
Aurreko urtean Eibarko Unibertsitate Laboralean ikasten hasi nintzen eta hango saskibaloi taldean nenbilen. Angelek [Garate] deitu, eta Zaldibarko taldera batzeko eskatu zidan, nire esperientzia baliagarria izan zitekeelako. Taldera batu nintzen Gipuzkoakoa utzi barik. Urtebetez liga bietako partiduak jokatu nituen asteburuetan. Gipuzkoako partiduak zapatuetan izaten ziren eta Bizkaikoak, berriz, domeketan. Beraz, federaziokoak ez ziren konturatzen.
 
Astebururo partidu bi jokatzen zenituen?
Bai, baina 15 urtegaz hori eta gehiago egin daiteke.

Zelakoa zen lehenengo talde hura?
Ia hiru urte eman nituen bertan. Zaragozara ikastera joan nintzenean utzi nuen. Saskibaloian esperientzia apur bat zuen bakarra nintzen. Gainera, zuzendaritza taldeko kidea ere izan nintzen.

Esperientzia zuen bakarra izanda, zeu izan zinen taldeko kapitaina.
Adin desberdinetako jokalariak batu ginen eta denak zaldibartarrak ginen. Angel Garate izan zen motorra, benetan erakutsi ziguna. Zaldibarko eskolako patioan entrenatzen ginen. Zoruan marra batzuk pintatu, saski bi jarri eta hantxe ibiltzen ginen. Imajinatu, bat ere esperientziarik ez duten jokalariak ligan jokatzen! Abentura bat izan zen. Aurkariak gu baino garaiagoak ziren eta teknika hobea zuten, baina inork baino ilusio gehiago geneukan.

Orduan, bazegoen emakumeen beste talderik herrian?
Ez, nobedadea izan zen. Ez zegoen emakumeen talderik, ez saskibaloian ez beste kiroletan. Oso giro ona sortu zen gure inguruan. Gurasoak eta zuzendaritzakoak asko inplikatu ziren. Taldeak ilusioa eragin zuen eta orduko oso gomuta onak ditut.

40 urte joan dira eta emakumeen taldeak jarraitu egiten du.
Nire loba bik Zalduan jokatzen dute gaur egun. Zaldibar herri txikia da eta guk hasitako bideak jarraitu egiten duela ikustea oso pozgarria da. Asko betetzen nau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!