Txakurrak solte ibiltzeko Zaldibarko Udalak egokituko dituen guneak ez direla egokiak diote jabeek

Jone Guenetxea 2018ko mar. 23a, 20:15

Gune hauek guztira 1.000 metro karratuko azalera izango dutela aurreratu du Zaldibarko Udalak. Txakurren jabeek, ostera, oso espazio txikiak direla eta ez dela nahikoa herrian dauden txakurren kopurua kontuan hartuta kritikatu dute. Olazar parkean "elkarbizitza bultzatzea" izan daitekeela irtenbidea diote txakurren jabeek. 

Zaldibarko txakurren jabeek eta udal ordezkariek batzarra egin dute, gaur, txakurrak solte ibiltzeko guneen inguruan eztabaidatzeko. Abenduan udalak aho batez ordenantza aldatu zutenetik, herrian ez dago txakurrak libre ibiltzeko espaziorik. Urtarriletik hiru aldiz bildu da udala txakur jabeen ordezkariekin.Txakurrak aske ibili ahal izateko guneak atontzeko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, txakurren jabeak ez daude ados udalaren erabakiagaz.

Txakurrak solte ibiltzeko hiru gune atonduko dituela aurreratu du Zaldibarko Udalak: Gernikako Arbola parkeko berdegunearen zati bat, Goierri bidea eta Olazar pilotaleku ondoko belargunea. Espazio hauek hesituta egongo dira eta beharrezkoa duten ekipamendua izango dute: argia, paperontziak eta bestelako elementuak. Atonduko diren guneek guztira 1.000 metro karratuko azalera izango dute eta udalaren jabetzakoak dira. Espazio hauek atontzeko lanak apirilean hasi eta bukatzea espero du udalak eta etorkizunean beste gune batzuk atontzea ez du baztertu. 

Txakurren jabeek, baina, espazio hauek egokitzea ez dela irtenbidea azpimarratu dute. "Espazio oso txikiak dira eta ez dira nahikoa. Guk elkarbizitza bultzatzea gura dugu, eta ez txakurrekin espazio hauetara baztertzea". Ildo horretatik,  Olazar parkea erabili ahal izatea eskatzen dute txakurren jabeek, ordenantzaren aldaketa egin aurretik egiten zuten legez. "Ordutegiak jarrita eta bestelako neurriak hartuta Olazar ikusten dugu leku egokiena. Beste kolektibo batzuentzat leku ona den moduan, guretzako ere bai. Elkarbizitza posible da", diote txakurren jabeek.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!