“Txakurra paseatzera ateratzean gaizkileak bagina legez sentiarazten gaituzte”

Jone Guenetxea 2018ko mar. 1a, 19:00

Zaldibarko txakurren jabeak haserre daude euren animalientzako gunerik ez dutelako herrigunean. Joan zen astelehenean, 25 bat pertsonak elkarretaratzea egin zuten euren txakurrekin udaletxearen aurrean, ezohiko udal bilkura zegoela aprobetxatuz.

Abenduko osoko bilkuran aho batez onartutako araudi aldaketak piztu du ika-mika. Batzar hartan, Olazar parkea txakurrentzat debekatzea erabaki zuen udalak. Ordura arte, jabeek baimena zuten txakurrekin ibiltzeko. Horrela, txakurren jabeak beraien animalientzako gunerik barik gelditu dira herrigunean. Egoeraren aurrean, txakurdunek 300 sinadura batu dituzte udalaren erabakia bertan behera uzteko eta arazoari irtenbidea aurkitzeko. “Udalak irtenbide bat aurkitu bitartean txakurrekin Olazar parkera joan ahal izatea eskatzen dugu. Txakurrak solte ibiltzeko mendira joateko diosku udalak, baina hori ez da bideragarria”, adierazi du Haritz Arruabarrena zaldibartarrak. Kalkulatzen dutenez, Zaldibarren 100 txakurretik gora daude. “Txakurra paseatzera ateratzean gaizkileak bagina legez sentiarazten gaituzte”, dio Arruabarrenak.

Araudiari alegazioak
Txakurren ordenantzari alegazioak aurkezteko asmoa adierazi dute Zaldibarko txakurdunek. Durangoko Durandog elkarteko abokatuagaz aztertu dute gaia, eta debekua “legez kanpokoa” dela diote. Zapatuan batzarra egingo dute gaia  aztertzeko, 12:00etan, liburutegi zaharrean. Gainera, kontzentrazio bat antolatu gura dutenez, batzar horretan zehazteko asmoa dute.

Txakurren jabeek eta udalak batzar bi egin dituzte dagoeneko. Eneritz Azpitarte kargua hartu berri duen alkateak dioenez, “lanean gabiltza arazoa konpontzeko. Epe bat behar dugu herrian txakurrentzat zein espazio egokitu dezakegun aztertzeko”, gaineratu du. Olazar parkean txakurrak debekatzea abenduko osoko bilkuran arrazoitu zuen Arantza Baigorri orduko alkateak. Esan zuenez, herritar batzuek parke horretara kirola egitera joateari utzi zioten, txakurrengatik. Gainera, uztailean, hiru txakur sei urteko ume bati eraso egiten saiatu ziren Olazar parketan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!