Zaldibarko Olazar parkean txakurrak solte ibili ahal izatea eskatu dute elkarretaratzean

Jone Guenetxea 2018ko mar. 17a, 12:43

Araudia aldatu zenetik, Zaldibarko txakurrek ez dute solte ibiltzeko gunerik herrian. Txakurren jabeek Durangoko Durandog elkartearen babesagaz elkarretaratzea egin dute, gaur, 12:00etan, udaletxe aurrean.Txakurren jabeen proposamena Olazar parkea konpartitzea da. 

Herritarren zein txakurren elkarbizitzarako ordutegia ezartzea aukera bat izan daitekeela diote protesta ekitaldian parte hartu dutenek. "Gaur egun herrian ez dago berdegune askorik. Olazar da herriko parke handi bakarra". Zaldibarren 100 txakur inguru daude.

Txakurrak libre ibiltzeko gune bat eskatuz elkarretaratzea egiten duten bigarren aldia da hau. Txakurren jabeak eta udala batzartu dira, baina egoerari oraindik ez diote irtenbiderik topatu. Eneritz Azpitarte kargua hartu berri duen alkateak azaldu duenez, “lanean gabiltza arazoa konpontzeko. Epe bat behar dugu herrian txakurrentzat zein espazio egokitu dezakegun aztertzeko”, gaineratu du. Olazar parkean txakurrak debekatzea abenduko osoko bilkuran arrazoitu zuen Arantza Baigorri orduko alkateak. Esan zuenez, herritar batzuek parke horretara kirola egitera joateari utzi zioten, txakurrengatik. Gainera, uztailean, hiru txakur sei urteko ume bati eraso egiten saiatu ziren Olazar parketan. Txakurren jabeen iritziz, ostera, gertaera hori oinarri hartuta txakurdun guztiak zigortzea ez da zilegia.

Egoeraren aurrean, txakurren jabeek change.org webgunean sinadura bilketa abiatu zuten orain bi aste. Era berean, udalaren araudiari alegazioak aurkeztu dizkiote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!