Zaldibarko txakurren jabeek sinadura bilketa abiatu dute 'change.org' webgunean

Jone Guenetxea 2018ko mar. 4a, 10:49

Txakurrak solte ibiltzeko gunea eskatzen diote Zaldibarko Udalari. Sinadura bilketagaz dagoeneko 144 sinadura lortu dituzte. Bestalde, martxoaren 17an elkarretaratzea egingo dute Durandogen babesagaz.

Zaldibarko txakurren jabeak haserre daude, abenduan udalak araudia aldatu zuenetik herrian ez dagoelako txakurrak solte ibiltzeko lekurik. "Udalarekin batu gara eta badakigu aurrerapausoak ematen ari direla, baina konponbidea heldu bitartean zelan joango gara mendira txakurrak solte ibiltzeko?", diote txakurren jabeek. 

Egoeraren aurrean, txakurren jabeek change.org webgunean sinadura bilketa abiatu zuten atzo. Dagoeneko 144 sinadura batu dituzte. Gainera, araudiak kaltetu dituen pertsonek batzarra egin zuten atzo, liburutegi zaharrean. Elkarbizitza bultzatu guran txakurren gorotzak batzeko sentsibilizazio kanpaina jarri zuten martxan.

Martxoaren 6an amaitzen da araudiari alegazioak aurkezteko epea. Durangoko Durandog elkartearen babesagaz alegazio horiek prestatzen ari dira. Mobilizazioak ere aurreikusi dituzte. Martxoaren 17an elkarretaratzea egingo dute udaletxe ondoan, Durandogen babesagaz.

Zaldibarren 100 txakur inguru daude. Animalia hauen jabeek diotenez, "familiako kide" dira, beraz udalaren erabakiak ehunka herritarrei eragin die. "Lehen txakurrak artzainak, zaindariak edo ehiztariak ziren. Orain, txakurren rola aldatu egin da. Familiako kide dira", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!