Otxandioko herritarren %3 kutsatuta dago eta %10 konfinatuta

Anboto 2021ko api. 22a, 15:33

Egoera "kontroletik kanpo" dagoela-eta, udalak hirugarren bider eskatu dio Osasun Sailari baheketa masiboa egiteko.

Gaur beste sei kasu positibo egon dira Otxandion —39 kasu azken astebetean— eta intzidentzia tasa 3.025era igo da. "Otxandiok 1.343 biztanle izanda, herritarren %3a baino gehiago dago ofizialki kutsatuta eta %10 inguru konfinatuta dago", informatu du Egoitz Garmendia alkateak hedabideetara helarazitako ohar batean. Zehaztu duenez, "azken egunetan birusak eskolan ere izan du eragina". Asteartetik itxiera perimetralean dagoen herria da.

Egoera "kontroletik kanpo" dagoela uste du eta, horregatik, Osasun Sailari "baheketa masibo bat egin dezala" eskatu diote udaletik. Gaurko hau baheketa egiteko eskatu duten hirugarren aldia da; apirilaren 16an eskatu zuten lehenengoz eta apirilaren 20an bigarrengoz.

Apiril hasieran Otxandion ez zegoen positibo kasurik eta intzidentzia tasa hutsean zegoen. Aste Santua igaro eta 15 egunera hasi zen intzidentzia tasa gora egiten gaur eguneko kopurura heldu arte.

Azken 14 egunetako positibo kasuak egunez egun ikusteko KLIKATU HEMEN.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!