Otxandion baheketa masiboa egiteko aukera "sakon aztertzeko" eskatu dio udalak Osasun Sailari

Joseba Derteano 2021ko api. 20a, 12:59

Azken astebetean, apirilaren 13tik atzora arte, 30 kasu positibo egon dira.

Astebetean COVID positiboek nabarmen gora egin dute Otxandion eta gaurtik itxiera perimetralean dago. Azken astebetean 30 kasu positibo eman dira.

Egoera horren aurrean, gobernu bilkurak batzarra burutu zuen atzo gertatzen ari dena aztertzeko. Herrian baheketa masibo bat egiteko beharra azpimarratu dute. Aurretik egin moduan, "gaurkoan ere Osasun Sailari Otxandion baheketa masiboa egiteko aukera sakon aztertzeko eskatu diogu", jakinarazi dute herrian zabaldutako bando batean.

Horrez gainera, hainbat jarraibide ematen dizkiete herritarrei. Lehenengo, sintomarik txikiena izanez gero "etxean geratzeko" eta "Legutioko anbulategira deitzeko" (945 45 50 17) eskatu dute. PCRa egiteko eta euren emaitzak jasotzeko zain daudenei "etxean geratzeko" eskatu diete.

Positibo eman dutenei, euren kontaktu guztien izenak emateko eskatu diete. Horrez gainera, gogoratu dute positibo eman duen batekin kontaktua izan duenak etxean konfinatuta egon beharra daukala. Konfinamendua egiteko laguntza behar duenak udaletxera deitu dezakeela ere azaldu dute.

"Neurri hauek betetzen ez baditugu jende gehiago arriskuan jarri eta ez dugu egoera bideratuko", esanez amaitzen da bandoa.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!