Bizkarra amateurretako talde batean arituko da aurten

Anboto 2014ko mar. 6a, 10:37

Mikel Bizkarra txirrindularia
PinoRoad proiektua bertan behera utzi dute behin betiko. Ondorioz, talde barik dago Mikel Bizkarra mañariarra. Profesionelatara itzultzeko aukera baten zain dagoen bitartean, Euskal Herritik kanpoko talde amateur batean arituko dela aurreratu du.

 

Azken aste bietan PinoRoad proiektuaren bideragarritasuna segurtatzeko egindako ahaleginak gertutik bizi izan ditu Mikel Bizkarrak. Azkenean proiektua bertan behera geratu da, baina albisteak ez du ezustean harrapatu: “Esperantzak bazeuden, baina kontatzen zigutenagatik ikusten zen gatx zegoela”. Datorren urtera begira PinoRoad-egaz zerikusirik ez duen Continental mailako proiektu berri bat prestatzen dabiltza, eta aurrera irtengo balu Bizkarrak proiektu horretan tokia izango lukeela esan diote. Horrek “esperantzarako tartea” irekitzen duela onartu du, baina badaki talde berri bat sortzea beti dela zaila.

 

Kontuak kontu, gaur egun talde barik dago Bizkarra, negu osoa denboraldia prestatzeko entrenatzen eman ondoren. Sasoiari eutsi gura dio eta lasterketa ofizialetan lehiatu gura du, amateur mailan bada ere. Jakinarazi duenez, Euskal Herritik kanpoko talde amateur batean arituko da aurten. Datorren astean jakinaraziko du zer talde den, dena erabat lotuta duenean: “Txirrindularitzagaz gozatzen saiatuko naiz”. Denboraldian zehar profesional mailako eskaintza bat heltzen bazaio bertara joateko eragozpenik ez diotela ipiniko esan diote taldeko arduradunek; kontrara, “asko poztuko liratekeela esan didate”. Datorren denboraldirako talde profesional batean (Continental mailako barne) tokirik bilatzen ez badu “txirrindularitza uztea” erabaki dezakeela ere aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!