Continental mailako PinoRoad taldea ez da errepidera irtengo oraingoz. Taldeko webgunean argitaratutako komunikatu batean jakinarazi dutenez, proiektuko burua zen Juan Pablo Pino “desagertuta” dago. Bere “gehiegikeriak” direla-eta auzitegira jotzeko asmoa dutela adierazi dute.
Proiektuko txostenak eta notarioaren aurrean sinatutako babesletza akordioak aztertu ondoren, PinoRoad taldea ofizialki sortzea onartu zuen UCIk joan zen otsailaren 5ean. Baina ordurako taldean “susmo txarrak” zituzten. Hilabete lehenagotik, Berria-k eta FullWear-ek (taldeko bizikleten eta arropen hornitzaileak, hurrenez hurren) ezin zuten materiala Txilera bidali, inor ez zelako gastuen kargu egiten: “Juan Pablo Pinok ez zituen zor zituen kopuruak ordaintzen eta gainera, bere erantzukizuna ekiditeko, jukutria ulertezinak erabili zituen. Horrela, hornitzaileei eskatu zien txirrindulari taldeko kideei gezurra esateko, eta lehenengo ordainketak eginda zeudela esateko”.
Kirol taldeak Txilen eman zituen egunetan egoera gehiago okertu zen. Egonaldi “etsigarria” izan zela diote, baina gutxienez “Pinok taldearen gidaritzari uko egiteko konpromisoa hartu zuen eta astebete geroago taldearen kudeaketa espainiar batzuren esku uztekoa”. Baina Pinok “ ez zuen bere berba bete eta bere azkenengo jukutriek taldeko kideen, bazkideen eta babesleen pazientzia agortzea ekarri dute”.
Komunikatuan gogor salatu dute Pinoren jarrera: “Txirrindularitzarako hainbesteko potentziala duen herrialdeak Juan Pablo Pino lakoen jarrerak pairatu beharra benetan penagarria da”. Kirol taldea osatzen zuten 17 kideak zein babesleak bertan behera utzi dituela diote.
Kirol taldea “atsekabetuta” dago gertatu denagatik eta “barkamena" eskatzen die babesleei Pinoren jarrerak eragindako kalteengatik. Aste honetan “proiektu ilusionante hau berriro bideratuko duen alternatibak bilatzeko” lan egingo dutela adierazi dute. Bide batez, modu batera edo bestera laguntza eskaini gura duenarentzako e-mail helbide bi ipini dituzte: franreyes@espiritugregario.com eta andrescanovas95@hotmail.com
Mikel Bizkarra: "Azkenera arte borroka egingo dugu"
PinoRoad taldeko txirrindulari bat Mikel Bizkarra mañariarra da. Hauxe idatzi du sare sozialetan: "Une gogorrak igarotzen ari gara, baina taldea osatzen duen jende honek aurrera jarraitzea merezi du! Laguntza behar dugu! Azkenera arte borroka egingo dugu!". Juanjo Oroz-ek (Artica, Nafarroa, 1980) honakoa adierazi du: "Orain 10 urte bizkarrean izandako lesio batek ez zidan eragotzi nire ametsak lortzeko borrokan jarraitzea. Orain @pinoroad-ek ere ez du etsiko. Azkenera arte borroka egingo dugu".