Txilen Continental mailako PinoRoad taldea sortzeko prozesuan taldeko arduradun orokorra zen Juan Pablo Pinok egindako jukutrien ostean, Andres Canovas eta Fran Reyes proiektuari jarraipena emateko babesle bila ibili dira azken aste bietan, baina ez dute lortu. Gutxienez aurtengo denboraldirako alternatiba bat lotu gura zuten, lan talde osoaren kontratuak bermatuko zituena, baina ahaleginak alperrikakoak izan dira: “Izan ditugun batzarrak etorkizuneko proiektuei begira positiboak izan daitezke, baina aurtengo denboraldirako laguntza materialik ezin izan da gauzatu”, jakinarazi dute prensa ohar batean. Horrela, dagoeneko UCIri jakinarazi diete aurtengo denboraldiari begira ez dutela irtenbiderik bilatzen jarraituko: “Erabaki gogorra da, baina arduratsua ere bai, denboraldia dagoeneko zein unetan dagoen ikusita”. Mikel Bizkarra mañariarra proiektu horretako partaide zen.
Talde honen aldeko apustua egin duten enpresa eta babeslei eskerrak eman dizkiete eta baitan talde barruko lan talde osoari ere alternatibak bilatzen lagundu dutelako eta “euren portaera bikaina izan delako”.
Hala ere, etorkizunari begira lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute: “Andres Canovasek zein Fran Reyesek alternatibak bilatzeko lanean jarraituko dute, beti ere hurrengo denboraldiari begira. Datozen asteetan egitasmo bat landuko dute, ondoren txirrindularitzan inbertsioa egiteko interesatuta egon daitezkeen enpresei aurkezteko”. Proiektu berri bat izango litzateke PinoRoad-etik erabat bereizia.