Euskadi Fundazioaren etorkizuna ezbaian zegoenean bizitako une estuak errepikatzen ari zaizkio Mikel Bizkarrari. Orduan, Txileko PinoRoad taldearen eskaintza onartzea erabaki zuen eta abentura berriari ekiteko ilusioz beteta zegoela adierazi. Baina paradisua zirudiena, inpernu bihurtu da. Inork ez daki taldeko buru Juan Pablo Pino non dagoen. Mugikorra itzalita du. Taldeko 17 kideak babeslerik gabe geratu dira eta azpiegitura guztiak prest dituen proiektua bertan behera geratu daiteke babesleak lortu ezik.
Gaia orain eman da argitara, baina susmoak aurretik zetozen. Adibide konkretuetan sakondu barik, aurredenboraldian Txilen eman zituzten egunak (urtarril amaieratik otsailaren 5era) "surrealistak" izan zirela adierazi du Bizkarrak:"Lehenengo egunetan ondo egon ginen, baina lau edo bosgarren egunetik aurrera dena apur bat txapuzeroa izan zen. Egoera txarra zen eta bizikletan ia ibili ere ez ginen egiten. Juan Pablo Pinok bere modura ulertzen zuen txirrindularitza eta gure ikuespegitik oso diferentea zen. Han bizi izan ditugun gauza batzuk pelikuletakoak izan dira. Surrealistak. Kamera ezkutu bat zegoela ematen zuen".
Gutxienez taldea Andres Canobas eta Fran Reyes-en eskuetan uzteko konpromisoa hartu zuen Pinok orduan. Talde berria Txileko txirrindulariekin ez ezik, Espainiako batzuekin ere osatu gura zuen, eta bide hori lantzeko ardura zuten Canobas eta Reyesek Espainian. Joan zen eguaztenean zen Espainiara etortzekoa, baina ez zen etorri eta harrezkero inork ez daki non dagoen: "Telefonoa itzalita du, inork ez daki non dagoen. Desagertu egin da".
Orain, aste honen amaiera da proiektuaren etorkizuna bermatzeko mugarria: "330.000 euro inguru behar ditugu aurrera egiteko. Txirrindulariak badaude, bizikletak ere bai, azpiegiturak baditugu, dirua falta zaigu". Aste honen amaierarako babeslerik lortu ezik "seguruenik proiektua desagertu egingo da".
Egoera latzari itxaropenagaz begiratzen dio Bizkarrak: "Emozio fuerteak dira, baina honek etorkizunari begira gogorragoa egingo nau. Alde ona ikustea gurago dut, dena ez da txarra izango". Eguñotan Mañarian dago eta kontua argitu bitartean entrenatzen dihardu: "Entrenatu ezik beste aukerarik ere ez da etorriko. Burua lasaitzen laguntzen dit. Ea albiste onak datozen eta aurrera jarraitzen dugun".