Eskuz binakako txapelketa nagusia aurkeztu dute gaur, eta Durangaldeak ordezkari bat izango du aurten ere: Aitor Elordi mallabiarra. Jose Javier Zabaleta izango du atzelari. Azken urteetan sarritan osatu duten bikotea da, eta, zehazki, laugarrenez jokatuko dute elkarrekin Binakako Txapelketa.
2022-2023 ekitaldian txapeldun izan ziren, Laso-Imaz bikoteari finalean 22-13 irabazita. Elordik binakako txapelketa nagusia jokatzen zuen lehen aldia zen hura. Hurrengo urtean, 2023-2024an, Elordik Beñat Rezusta izan zuen atzelari. 2024-2025eko txapelketan, berriro Zabaletarekin elkartu zen eta finalerdietako kanporaketan galdu zuten bigarren aukerako partida. Azken ekitaldian, 2025-2026koan, finalerdietako ligaxkara heldu ziren elkarrekin, baina ezin izan zuten finalerako txartela eskuratu.