#0km

"Elikadura osasuntsurako eskubidea galtzen gabiltza"

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 6a

Europar Batasunaren eta Hego Amerikako Mercosur bloke ekonomikoaren arteko akordioak kezka eta haserrea eragin ditu Durangaldeko eta Euskal Herriko lehen sektoreko langileengan. ANBOTOk Alazne Intxauspe ortuari-ekoizle iurretarragaz hitz egin du.

Zelan bizi duzu Mercosurren auzia?
Kezkaz eta esperantzaz, aldi berean. Kezkaz, itun honek hogei urte baino gehiago daramatzalako bueltaka eta etorkizuna jokoan dagoelako. Eta esperantzaz, hogei urtean ezer itxi ez delako, eta hori mugimendu sozialen presioari eskerrak delako. 

Itunak zelan eragingo luke? 
Akordioak ordezkapen bat egingo luke. Hau da, industria handiek, kapitalak, baserritar txiki eta ertainen ekoizpena ordezkatu lukete, eta hura kolokan ipini. Horrez gainera, elikadura osasuntsua, ekoizpen osasuntsua eta tokiko ekoizpena arriskuan ipintzen ditu. Azken finean, ekoizle zein herritar legez dugu arriskua. Eta, hala eta guztiz ere, ituna mesedegarria dela dioskue.  

Kritiketariko bat da Mercosurreko produktuek Europak onartzen ez dituen substantziak izan ditzaketela.
Trazabilitatea zailtzen du, hau da, produktuaren jarraipena egitea. Zaildu egiten du produktu hori nongoa den jakitea, nola hazi den eta zelan garatu den jakitea, eta, horrenbestez, zer jaten dugun jakitea. Brasilek berak onartu du ez daukala gaitasunik trazabilitate hori egiteko. Bestalde, kontuak ez du gugan bakarrik eragina. Itunak Hego Amerikako baserritar txikiak eta ertainak ere kaltetzen ditu. Izan ere, ekoizpen eredu handia da honen guztiaren atzean dagoena, ekoizpen industriala. Eta gauza bera gertatzen da Europatik kanpora eramaten diren produktuekin. Elikadura osasuntsurako eskubidea galtzen gabiltza, eta horregaitik diogu elikadurak Munduko Merkataritza Erakundetik kanpora egon behar duela. Ezin da negozioa izan, eskubidea delako. 

Beste kritika batek dio itunak lehia bidegabea ekarriko liokeela hemengo ekoizleari.
Hemen nekazaritza txiki eta ertaina egiten dugu, eta horrek esan gura du gureak balio erantsia duela: kalitatea. Guk ez dugu merke eta asko ekoizten, horrek kalitatea galtzea ekarriko ligukeelako. Gure eredua elikadura burujabetza da; bertako ekonomia justua izatea, bai eroslearentzat bai ekoizlearentzat. Eta kalitatezko produktua izatea zure osasunerako, ingurugirorako eta bertako ekonomiarako. Itun horrek kontrakoa dakar, hain justu ere. Korporazioak daude ekoizpen industrial handien atzean, inbertsio funtsak, eta gatx da horiei aurre egitea, dena prekarizatzen dutelako. Behin txikiak desagertuta, merkatu osoaren jabe egiten dira, eta ikusten da produktuak ez direla merkeagoak eroslearentzat. Arrautzekin ikusi dugu hori. Monopolioa hartu eta gura duten prezioa ipintzen dute. Eta, jakina, prezio horrek ez du esan gura produktua kalitatezkoa denik. 

MERCOSUR NOLA ULERTU

Ituna munduko merkataritza akordiorik handienetarikoa izateko jaio zen mende hasieran, eta handik hogei urtera behin betiko itxura hartu du. 700 milioi herritarri begirako merkataritza ituna da, elikagaien komertzioa erdigunean ipintzen duena. Haren defendatzaileek diote ituna giltzarria eta estrategikoa dela Europarentzat; besteak beste, AEBen eta Txinaren nagusitasunari aurre egiten lagunduko lukeelako. Alabaina, ahots kritikoek diote baserritarrak buru itunak Hego Amerikako produktuen "lehia bidegabea" ekarriko lukeela, eta ingurumena eta Amazonia babesik barik utziko lituzkeela. Horrez gainera, herritarren elikadura osasuna ere kaltetuko litzatekeela diote. Hala ere, ituna airean dago oraindino. Europako Parlamentuak hitzarmena atzeratzea adostu du, eta txosten juridikoa eskatu dio Europako Justizia Auzitegiari. Erabaki horrek urte bi inguru luzatu dezake prozesua, eta itunaren etorkizuna zalantzan utzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!