#0km

"Europara begira gaude, baina alternatibak etxean hasi behar dira"

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 6a

Europar Batasunaren eta Hego Amerikako Mercosur bloke ekonomikoaren arteko akordioak kezka eta haserrea eragin ditu Durangaldeko eta Euskal Herriko lehen sektoreko langileengan. ANBOTOk Aitor Urien gaztagile abadiñarragaz hitz egin du.

Akordioak zer eragin ekarriko lukeela uste duzu? 
Honek guzti honek oso txarto amaitu dezake. Elikagai piloa etorriko litzateke kanpotik. Berdura, gazta zein beste edozer. Baina batez ere okelan igarriko litzateke eragina, boom handi bat ekarriko luke. Izan ere, hemengo okela ekoizpena ez da ezer Hego Amerikakoagaz alderatuta. Atera kontuak: gaur egun ezin dugu Euskal Herria bertako okelagaz bakarrik elikatu. Tristea da, baina horrela da. Gero, jende bat prezio merkeei begira dago, ez dio gainerakoak inporta. Eta beste jende bat okela erosi ezinda dago. Eta, jakina, guri hemen ipintzen dizkiguten betebehar ekonomiko, burokratiko eta sanitarioak ez dira Mercosurren existitzen. Ez dizkiete irizpide horiek eskatuko. Horrenbestez, haiek merkeago saldu ahal izango dute, eta horren eraginez geroago eta gehiago ekoiztu. Azkenean monopolio bat sortuko da eta gura duten prezioa ipini ahal izango dute. Handia denak handitzen jarraituko du, txikien kaltetan.

Akordioak zelan eraginko lioke zure gaztagintzari?
Nik hemen saltzen dut produktua. Herrian, eskualdean, eta asko jota Bizkaian. Publiko fidela dut, eta iruditzen zait jendeak nire gazta erosten duela eredu horretan sinesten duelako. Beti ahalegindu naiz publiko mota hori bilatzen. Izan ere, gazta oso produktu pertsonala da, autore produktua zelanbait esateko. Eta salmenta ere horrelakoa da nire kasuan, autore salmenta. Horrenbestez, ez dut uste akordioak askorik eragingo lidakeenik. Hala ere, kezka handia dago esportatzen diren elikagaietan.

Zein da alternatiba?
Esango nuke gaur egun egin daitekeen gauzarik onena kontzientzia sortzea dela gure gizartean. Nigandik hasita. Zugandik hasita. Ni tokikoa erostera joanda eta zu ere tokikoa erostera joanda. Bertako produktuak kontsumitu behar ditugu. Izan ere, kalitatezko produktuak ekoizten ditugu, bitartekaririk barik. Gainera, elikadura-subiranotasuna oso garrantzitsua da etorkizuneko Euskal Herriarentzat. 

Abadiñoko azoka egonkortu egin da hile bakoitzeko bigarren domekan. Esperientzia esportagarria izan daiteke beste herri batzuetarako?
Jende fidel asko dago eta horrek egundoko poza ematen du. Ekoizleak elkartu egin gara herri batean, auzo batean, ondo saltzen dugu eta ikusten dugu herritarrak pozik daudela. Herria bizi-bizirik dago, tokiko produktuak erosten dituzte eta herritarrek eskerrak ematen dizkigute askotan. Denok pozik! Eta horixe da, hain zuzen ere, Euskal Herri osoan lortu behar duguna. Mikro mailako esperientzietatik hasi eta makrora joatea. Europara begira gaude, baina iruditzen zait alternatiba hemen hasi behar dela. Gero ere joango gara kanpora. Baina, lehenengo, hasi gaitezen hemen. 

MERCOSUR NOLA ULERTU

Ituna munduko merkataritza akordiorik handienetarikoa izateko jaio zen mende hasieran, eta handik hogei urtera behin betiko itxura hartu du. 700 milioi herritarri begirako merkataritza ituna da, elikagaien komertzioa erdigunean ipintzen duena. Haren defendatzaileek diote ituna giltzarria eta estrategikoa dela Europarentzat; besteak beste, AEBen eta Txinaren nagusitasunari aurre egiten lagunduko lukeelako. Alabaina, ahots kritikoek diote baserritarrak buru itunak Hego Amerikako produktuen "lehia bidegabea" ekarriko lukeela, eta ingurumena eta Amazonia babesik barik utziko lituzkeela. Horrez gainera, herritarren elikadura osasuna ere kaltetuko litzatekeela diote. Hala ere, ituna airean dago oraindino. Europako Parlamentuak hitzarmena atzeratzea adostu du, eta txosten juridikoa eskatu dio Europako Justizia Auzitegiari. Erabaki horrek urte bi inguru luzatu dezake prozesua, eta itunaren etorkizuna zalantzan utzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!