Gurutze Fradesek triatloi profesionaletik erretiratzen dela iragarri du

Anboto 2025eko abenduaren 26a

(Instagram: Gurutze Frades)

"Gorputzak eta buruak nahikoa dela esan didate", adierazi du sare sozialetan.

19 urteko ibilbide luze eta oparoaren ostean -euretako 14 urte profesional moduan- Gurutze Fradesek (Iurreta, 1981) triatloi profesionaletik erretiratzen dela iragarri berri du bere sare sozialetan. "Nolabait, nire gorputzak eta buruak nahikoa dela esan didate. Gelditzeko unea da, erritmoa jaisteko eta norabidea berriro bideratzeko momentua. Beste kapitulu bat zain daukat", adierazi du.

Bidelagun izan dituen guztiei esker oneko dago. "Nirekin egon zareten guztioi eskerrak emanez hasi nahi dut mezua. Nire bikotekideari, nire gidari eta zutabe nagusiari; lagunei, babesleei, teknikariei, familiari, jarraitzaileei eta, noski, nire aurkariei, inspirazio iturri handiena izan baitira. Zalantzarik gabe, nire ibilbide profesionala hauei guztiei esker izan da posible".

Urte askoan Ironmanen munduko txapelketa izan da Fradesen denboraldiko helburu nagusia eta bere agurrean hitzordu berezi hori gogoan izan du. "Urte askotan, nire bizitza urriko bigarren zapatura bideratuta egon da: Hawaii-ko Ironmanen munduko txapelketa. Egun bakoitza entrenatzera, deskantsura eta elikadurara bideratu dut hitzordu horri begira. Eta gaur kapitulu hau ixten dut, posible zela uste nuenaren espektatibak askogatik gaindituta".

Palmares oparoa
Fradesek goi mailako kirolari baten palmaresa du. 2016tik aurten arte ia beti parte hartu du Ironmamen munduko txapelketan. Bere emaitzarik onena 2021ean Utah-n (AEB) lortutako bederatzigarren postua da (09:13:35). Hawaiin 2022an eta 2019an lortutako 15. postuak ere azpimarratzeko modukoak dira. 

Horrez gainera lau Ironman irabazi ditu:  Mexikoko Cozumel Ironmana 2022an eta 2023an, Gasteizkoa 2023an eta Frantziako Vichy Ironmana 2015ean. Beste sei probatan podiumean izan da eta makina bat bider hamar onenen artean. 

Espainiako triatloi txapelketa lau bider irabazi du distantzia luzean eta beste behin distantzia ertainean.  Euskadiko triatloi txapelketa ere behin baino gehiagotan irabazi du.

Emaitza hauei eta beste batzuei esker Durangaldeko nahiz Euskal Herriko kirolari onenetakoa izan da hainbat urtetan.

Ebakuntza eta itzulera
2024ko abenduan ebakuntza bat egin ziotela eta aldi batera triatloia utzi beharko zuela iragarri zuen. Bost hilabeteko errekuperazio prozesuaren ostean, 2025eko apirilean itzuli zen lehiara, garaipen batekin itzuli ere. Logroñoko Campus 10 kilometroko lasterketa irabazi zuen. Hiru hilabete geroago, uztailean, triatloietara itzuli zen, kasu honetan ere garaipenarekin, Astudillon (Palentzia, Gaztela eta Leon). Bere azken lorpen esanguratsua azaroan Espainiako triatloi txapelketan lortutako hirugarren postua izan da, Ibizan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!