Gurutze Frades garaipen batekin itzuli da lehiara, ebakuntza egin eta bost hilabete geroago

Anboto 2025ko api. 8a, 13:19

(Argazkia: @correrenlarioja)

Logroñoko Campus 10 kilometroko lasterketa irabazi du.

Gurutze Frades bueltan da bost hilabeteko geldialdiaren ondoren. Ebakuntza batetik errekuperatzen aritu da. Iazko abenduan honela iragarri zuen bere sare sozialetan gertatzen zitzaiona: "Nizako ironmanaren ondoren, proba ginekologiko batzuk egin zizkidaten, non uteroan aspaldi antzemandako mioma bat asko hazi baitzen. Urte osoan zehar arazo asko izan nituen". Horiek horrela, ebakuntza egin zioten abenduan.

Harrezkero, bost hilabete joan dira eta joan zen asteburuan itzuli zen lehiara. Garaipenarekin itzuli ere. Logroñoko (Errioxa) Campus 10 kilometroko lasterketa irabazi zuen denbora honekin: 36:38. Minutu bitik gorako aldea atera zion Esther Rodriguez bigarren sailkatuari (38:57) eta lau minututik gorakoa Marina Girona hirugarrenari (40:59).

"Lasterketa hauek beti ilusioz bete naute eta nire onena atera dute, eta bi gauza hauek berriro dortsal batekin aurkitu izanaz pozik nago. 147 egun daramatzat indarberritzen, eta bueltako bidean jarraitzen dut", adierazi du bere sare sozialetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!